Laguntza eskatu dute EAEko elikagai bankuek, eskariak ezin dituztelako ase

Janari eske joaten diren pertsonak gehiago dira, krisi ekonomikoagatik: guztira 47.000 pertsona zerbitzatu zituzten iaz

Arabako janari bankuko boluntarioak, janaria automobil batean kargatzen, artxiboko argazki batean. R. BOGAJO / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Gero eta pertsona gehiagok jotzen dute haiengana ahora zer eramana izateko, eta guztiei jatekoa emateko gero eta zailtasun handiagoak dituzte. Alarma jo dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikagai bankuek. Krisi ekonomikoak eraginda, azken boladan areagotu egin zaie eskaria: ia %50 iragan hiru urteetan. «Egoera honetan, motz geratzen ari zaizkigu elikagaiak batzeko erabiltzen ditugun bideak», ohartarazi du Bizkaiko elikagai bankuko buru Nicolas Palaciosek. Janaria biltzeko kanpaina bat egingo dute datorren astean hiru herrialdeetan, ostegunetik larunbatera.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 47.000 pertsonak jo zuten iaz laguntza eske elikagai bankuetara. «Kopuru adierazgarria da», esan du Palaciosek. Handiak dira zenbakiak: 4.400 tona janari banatu zituzten iaz hiru herrialdeetan; batez beste, 94 kilo eskatzaile bakoitzari. Bizkaiko bankuko presidenteak nabarmendu du behar duen jendea dela, hori duena jateko azken aukera. «Erakundeek egiaztatzen dute benetan beharra duela eskaria egin duenak, eta orduan ematen diegu janaria. Iruzur egiteko aukera oso da txikia».

Elikagaiak, horiek galdegiten dituzte, behar dutenei emateko. «Jatekoa eskatzen dute, ez dirua», azaldu du Yolanda Alzola telebistako aurkezleak, horrelakoek gizartean sortzen duten errezeloa gogoan. Harekin batera, beste hainbat pertsona ezagunek babestu dute janari bankuen kanpaina: Aimar Olaizola eta Oinatz Bengoetxea pilotariek, Karlos eta Eva Argiñano sukaldariek eta Josetxo Lizartza kazetariak, kasu.

Egoera «larrialdietakoa» dela ohartarazi dute elikagai bankuetako arduradunek, etengabe ari delako handitzen beste aukerarik ez eta jatekoa eskatzen dietenen kopurua. «Ez daukagu beste erremediorik: saiatu behar dugu janari gehiago biltzen, behar dutenei eman ahal izan diezaiegun», azaldu du Palaciosek. Helburua ere zehaztua dute datorren asteko kanpainarako: ehun tona janari biltzea hiru egunean. Oinarrizko elikagaiak nahi dituzte: esnea, arroza, pasta, lekaleak eta olioa.

Kontzientziazioa helburu

Kanpainarekin isileko errealitate bat ere azalera atera nahi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elikadura bankuek: 47.000 pertsona baino gehiago daudela jateko ezer erosteko ahalik ez eta besteek emandakoa behar dutenak. «Ezinbesteko dituzte gure solidaritatea eta antolatzeko ahalmena, marjinatu ez bihurtzeko».

Euskal Herrian ere gosea badela ikusarazi nahi dute, ez dela hori urrutiko herrialdeetako arazoa: «Hemengo herritar batzuek ezinbesteko dute hemengo herritarren laguntza», nabarmendu du Palaciosek. «Orain lagundu behar zaie gaizki dauden horiei, hemengoei. Guztiek egin behar dute horretarako ahalegina».

Herritarrak sentsibilizatzea dute, hartara, bigarren mugarri. Krisi ekonomikoak milaka euskal herritarren egoera are gehiago makurrarazi duen honetan, hori baliatzea gizartea ohartarazteko: «Herritarrak sentsibilizatu eta mobilizatu egin behar ditugu gure inguruan bertan dauden beharren aurrean». Horrenbestez, deia zabaldu dute kanpaina berezian ez ezik bestelako garaietan ere laguntza ematera hiru herrialdeetako elikagai bankuei.

Boluntarioen lanean jarri du arreta Palaciosek: «Ehun pertsona baino gehiago aritzen dira boluntario modu erregularrean. Ez dago inor soldata duenik elikagai bankuan aritzeagatik». Laguntza modu horretan ere eman daitekeela gogorarazi dute janari bankuetako ordezkariek, eta parte hartzera egin diete dei herritarrei, guztientzat mezu bakarra utzirik: «Hemengo gosearen aurka denok borrokatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.