Lan deialdi publikoetako azterketak euskaraz egin ahal izatea galdegin diote Nafarroako Gobernuari

Hizkuntza Eskubideen Behatokiak salatu du berdintasun teknikari izateko hautagaiei ukatu egin zietela proba euskaraz egiteko eskubidea, postuetako batean euskarazko C1 maila beharrezkoa bazen ere.

Agurne Gaubeka, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Agurne Gaubeka, Iruñean, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko martxoaren 12a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

2025ean, Nafarroako Gobernuak prozedura abiatu zuen berdintasun teknikari izateko hamar lanpostu oposizio bidez betetzeko. Hamar postu horietako batean euskara eskakizuna ezarria zegoen, eta, hortaz, hautagaiek ezinbesteko zuten euskarazko C1 mailaren ziurtagiria aurkeztea. Irailean, azterketa teorikoa egin zuten, eta, horren ostean, praktikoa egin behar zuten. Hautagaietako batzuek baimena eskatu zuten bigarren proba hori euskaraz egiteko, baina, urrian, ezezkoa eman zien administrazioak. Gertatutakoa salatu du gaur Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak.

Behatokiak ohar batean azaldu duenez, Arartekoak ere ebazpen bat argitaratu zuen auzi horren inguruan, eta bat egin zuen euskalgintzako eragileen irizpidearekin. Txostenean, Arartekoak zera gomendatu zion Barne, Funtzio Publiko eta Justizia Departamentuari: «Neurriak har ditzala, euskaraz jakitea eskatzen duten lanpostuak betetzea helburu duten funtzio publikora sartzeko prozeduretan, izangaiek probak hizkuntza horretan egin ahal izan ditzaten».

Behatokiaren esanetan, baina, Funtzio Publikoko zuzendaritzak ez du onartu Arartekoaren gomendioa. Departamentuak argudiatu du epaimahaia dela azterketetan gertatzen den ororen erantzule bakarra eta hautaprobetako galdera sorta zaindu behar duela: «Galdetegia euskaraz egiteak esan nahi du osorik itzuli behar dela, eta, beraz, epaimahaiaz kanpoko beste organo baten esku utzi behar dela lan hori. Hori dela eta, litekeena da hautaprobak egin aurretik galdetegiaren edukia eskuratzea».

Horri erantzunez, Gaubekak gogorarazi du Nafarroako Gobernuaren betebeharra dela «herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea», Euskararen Legeko 1.1 artikuluaren arabera. Lege horretako 6. artikuluan jasota dago, bestalde, herritar guztiek eskubidea dutela «administrazio publikoekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko».

Behatokiko zuzendariaren iritziz, konponbiderik egokiena litzateke lan deialdiko epaimahaian pertsona euskaldunak paratzea, baina, hori egin gabe ere, ez datoz bat Funtzio Publikoko zuzendaritzak hartutako erabakiarekin: «Ez ditugu ulertzen itzulpengintza zerbitzuen edo bestelako tresnen erabilera ez egiteko ezartzen diren aitzakiak».

«Hizkuntza hautua errespetatu»

Informazio konfidentziala beste departamentu batzuen esku utzi nahi ez izateari buruz, Gaubekak esan du administrazioko atal guztiek dituztela «informazioaren erabilerari buruzko araudi zorrotzak», eta horiek aplikatzea besterik ez dutela: «Adibidez, Osasunbideak egiten dituen euskarazko komunikazioetan pazienteen datuak erabiltzen dira, eta itzulpengintza zerbitzuek horiek behar bezala tratatzeko betebeharra dute».

Azkenik, Behatokiak Nafarroako Gobernuari eta Funtzio Publikoko Departamentuari eskatu die «hautagaien hizkuntza hautua errespeta dezatela» eta neurriak har ditzatela «legeak aitortzen dizkien eskubideak bermatzeko, lehenbailehen eta atzerapenik gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA