Lan eremutik jaso ditu kezken %63 EAEko Berdintasunerako Defentsoriak

Haurdunaldien ondorioz sortutako bereizkeria kasuen inguruan, aparteko kezka erakutsi du

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Lan mundua da emakumeen eta gizonen arteko bereizkeriari buruz zalantza gehien sortzen duen eremua. Hori ondoriozta daiteke EAEko Berdintasunerako Defentsoriak 2009an hasitako txostenen arabera. Hala, 2009an landutako 168 txostenetatik 106 lanean gertatutako bereizkeria kasuekin lotuta daude; txosten guztien %63, hain zuzen ere.

Familiaren eta lanaren arteko bateragarritasunari buruzko neurriekin lotuta, 39 espediente ireki zituen defentsoriak. Araudiak, kaleratzeak eta enpresetan lanean hasteko hautaketa prozesuak dira beste zalantza iturri nagusiak; bateragarritasun neurrietatik urrun, betiere.

Espediente guztiak aztertuta, emakumeen haurdunaldiek sortutako bereizkeria kasuak nabarmendu ditu defentsoriak. Hainbatetan enpresaburuek borondatezko lanuztea proposatu ohi diete haurdun dauden emakumeei. Defentsoriak jasotako kasuetan, eskaintzari uko eginez gerolaneko giroa aldatu izan ohi dela jakinarazi du Maria Silvestrek, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariakEusko Legebiltzarreko Gizarte Politika, Lan eta Berdintasun Batzordean egindako agerraldian. Aldaketa hori frogatzea zaila gertatzen dela gaineratu du.

Adierazgarria da defentsoriak 2009an jaso zituen kezken igoera. 178 pertsonak edo elkartek jo zuten bertaraargibide bila. 2008. urtean 67 eskaera jaso zituen, eta 2009an, 178. Hau da, kopurua handia ez bada ere %265 igo da urtebetean. Defentsoriara jo zuten pertsona edo elkarte gehienek dudak argitzeko helburuarekin jo zuten; espediente guztien %62 era horretakoak dira. %21ek kexa aurkeztu zuten, eta %17k salaketa. Horretaz gain, 2009an irizpen bat aurkeztu zuen.

EAEko Defentsoriak bere bidea jarraituko duela esan du Silvestrek, baina aldaketa batzuk izango dituela zehaztu du. Berdintasunaren defendatzailea desagertuko da -Maite Errok betetzen zuen postua-, eta Emakunderen barruan zerbitzu gisaratxertatuko da defentsoria, aparteko organo izateari utzita. Aldaketa hori egiteko, Berdintasunaren Legea aldatu behar da, eta izapideak egin bitartean, Silvestrek hartu du ardura hori, behin-behinean.

Protokoloaren zain

Genero indarkeriaren aurka borrokatzeko baliagarriak diren tresnen atzerapenari buruz galdetu diote legebiltzar taldeek Silvestreri; Emakunde eta Genero Indarkeriaren Biktimen Zuzendaritzaren arteko protokoloaz, besteak beste. Ardurak zehaztuko dituen tresna «duela hilabeteak» adostua dagoela azaldu du, baina izapideen zain dagoela. «Protokoloaren onarpena oso gertu dagoela uste dut».

Genero indarkeriaren biktimen laguntza hobetzeko erakundeen arteko akordioaren jarraipen batzordea ere laster bilduko dela aurreratu du; «agendak» horretarako aukera ematen duenean. Genero Indarkeriaren Biktimen Zuzendaritzako ordezkaria aukeratu berri dutela azaldu du Silvestrek, batzordearen bileraren atzerapena azaltzeko.

Beste epai bat posible zen

EAEko Auzitegi Nagusiak Ertzaintzaren lan eskaintza publikoko postuen harira hartutako erabakia errespetatzen duela azaldu du Silvestrek, baina ez dagoela ados gaineratu du. Lanpostuen erdiak emakumeentzat gordetzagatik gelditu zuen lan eskaintza, baina kontrako epaia hartzeko jurisprudentzia ere badagoela gaineratu du Silvestrek. Berdintasun politikan atzera egiteko arriskuaz ohartarazi du.



Aitatasun baimenak luzatzeko erabakia bertan behera utzi dute

Espainiako Gobernuak ez du aitatasun baimena hilabete batera arte luzatuko. 2011. urtearekin batera indarrean jarriko zela aurreratu zuen arren, krisiak behartuta beste baterako uztea erabaki du. Orain arte aita batek bi asteko baimena zuen aitatasunagatik, eta horrela jarraituko du datorren urtean ere.

«Ikusi dugu ez dela baimenaren luzapena egiteko unerik egokiena», azaldu du Elena Salgadok, Espainiako Ekonomia ministroak. Erabaki horrek Espainiako aurrekontuen lege proiektuan ekar ditzakeen aldaketak egin dituzte dagoeneko, eta 200 milioi euro inguru aurrezteko balioko duela azaldu zuen atzo Salgadok, Ministroen Kontseiluaren ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.