Lan eta bizi euskaraz

Ia dena dago irabazteko

Meharra da eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera arautzen duen lege esparrua, «ezdeusak» dira eskakizunak, eta soilik Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara begirakoak; baina badira esperientzia interesgarriak.

Bai Euskarari elkarteak antolatutako ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA /FOKU
Bai Euskarari elkarteak antolatutako ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA /FOKU
arantxa iraola
2024ko apirilaren 4a
05:00
Entzun

Oraindik euskarara ekartzeko dauden unibertsoetako bat da lan mundua. Euskara gehiago erabiltzeko prozesuetan murgilduta dauden enpresa, establezimendu eta entitateak, eremu sozioekonomiko pribatuaren ehundura osora begira, oso gutxi dira: «%1 inguru». Ibon Arrizabalagak eman du datua. Hartu berria du Bai Euskarari elkarteko zuzendaritza: propio euskara erabiltzeko eta sustatzeko lanean ari diren enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak identifikatu, aitortu eta laguntzen dituen ziurtagiria kudeatzea da, besteak beste, elkarte horren helburua. Esan du ehuneko hori ez dela guztiz zehatza, baina ez dabil oso urruti. Aurrez ere aipatu izan du euskalgintzak datu hori bera. 2020ko azaroan Euskalgintzaren Kontseiluak, ELAk eta LABek bat egin zuten azaltzeko ezinbestekoak direla euskara lan mundura eramateko «neurri eraginkorragoak», eta patronalei proposatu zieten 50 langiletik gorako enpresetan euskara planak bultzatzeko. Izan ere, tankerako planak abiatuta dituzten enpresak «gutxiengoa» dira gaur egun. Orduan eman zituzten datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan «ehun enpresatik bakarrak» du halako bideren bat urratua; Nafarroan %0,7k. 

Arrizabalagak uste du azaldu egin behar dela zein den datu apal horien atzean dauden zioetako bat: apenas dauden «araututa» eremu sozioekonomiko pribatuko entitateek euskara sustatzeko bete behar dituzten hizkuntza politikak, eta «ezdeusak» dira eskakizunak. «Eta enpresa askoren motorra zera da: beren negozioa aurrera eramateko horretara behartuta ez badaude, ez dira joango halakoetara».

Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria da Agurne Gaubeka. Bat dator. Lege aldetik agerikoa da gabezia. Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan ez dago inolako hizkuntza eskakizunik eremu sozioekonomikorako, eta «borondate» hutsean oinarrituta egiten dira aurrerabideak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere eskeak apalak izan dira urteotan, eta mugatuak. 2008ko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideen Dekretuak enpresa eta establezimendu handien betebeharrak ezarri zituen, oro har. Adibidez, telefonia operadore, garraio publikoko zerbitzu, energia komertzializatzaile eta antzekoei ezarri zitzaizkien betebeharrak, eta produktuak saltzen dituzten enpresa handiei, betiere 250 langile baino gehiago badituzte, eta 50 milioi euroko negozio bolumena. Kreditu erakundeek eta eraikuntza obren sustatzaileek ere badituzte betekizunak.

Baina Gaubekak esan du ez dela sakondu bide horretan. Kontrara: kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak arautzeko Eusko Legebiltzarrean onartu zuten azken legea iazko apirilekoa da, eta hor atzerapausoak daudela ohartarazi du: «Lehen betebehar zirenak orain sustatu hitzarekin lotu dira». Kezka eragiten dio horrek. «Erregulazioa falta bada, borondateak eta sustatze hitzak ezer gutxi egiten dute». Hausten zail diren kateekin lotzen ditu horrek sarri bezero eta erabiltzaileak. «Ahulago sentitzen dira euskarazko zerbitzua eskatzeko orduan», azaldu du Gaubekak. Eta heltzen zaizkie arlo horrekin lotutako kexak Behatokira. «Adibidez, bezeroek askotan ikusten dute atzerriko hizkuntzak erabiltzen direla, eta euskara ez». Azpikontratazioekin lotuta daude beste kexa asko. «Bertako enpresa askok arreta telefonikoa-eta emateko azpikontratatzen dituzte kanpoko enpresak», azaldu du. Horietako hainbat entitatek berez badituzte euskararen erabilera bermatzeko irizpideak, baina azpikontratutako enpresa horien bidez urratu egiten dituzte. 

«Bezeroek askotan ikusten dute atzerriko hizkuntzak erabiltzen direla, eta euskara ez».

AGURNE GAUBEKA Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek onartu du norabidea aldatu dutela arlo horretan, baina argudiatu du beharrezkoa zela: ezarri diren irizpideak gutxitan «betearazi» direla aitortu du, eta, hain justu ere, horregatik bideratu behar direla politika hauek zidor berrietatik. «Konturatu ginen dekretuak egitea oso erraza dela, baina beharbada hori ez zegoela oso ondo lotuta egoera soziolinguistikoarekin eta mundu horretan dagoen ezagutzarekin». Dobaranen arabera, Jaurlaritzaren helburu behinena da eremu sozioekonomikoko entitateek sentitzea «balio erantsi bat» dela eurentzat euskararen erabilera areagotzeko prozesuak abiaraztea. «Adierazi nahi diegu euskara kudeatzeko laguntza guk emango diegula, baina ez dela dekretu batek hala agintzen duelako egin behar, baizik eta beren negoziorako ona delako», azaldu du. «Beraz, zera egiten ari gara, euskararen inguruan edozer —jardueratxo bat ere— egiten duten enpresei laguntzen, eta, gero, gonbidatzen». Gehiago egitera gonbidatzen.

Bide horretan, esaterako, Euskara barra-barra deitutako egitasmoa defendatu du Dobaranek. Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak sortutako marka bat da, bereizgarri bat, eta merkataritzan eta ostalaritzan euskara gehiago erabiltzea du helburu. «Establezimendu batean euskaraz ulertzen badute, hori identifikatu egin behar da», argudiatu du Dobaranek. Eta horretan datza, hain justu, egitasmoa. 150 udal sartuta daude hartan, eta esan du administrazioarentzat euskararen ezagutza egiaztatzen duen bereizgarri hori entitate askorekin lehen kontaktua izateko bide bat ere badela: aliatuak bilatzen segitzekoa.

Harrobi diploma ere euskararen aldeko neurriak hartzen ari diren entitateen sarea trinkotzeko sortu zutela azaldu du Dobaranek, euskararen ezagutza eta erabilera egiaztatzeko ziurtagirietarako urratsa egiteko aski gaitasun ez duten enpresak ere erakartze aldera, eskari xumeagoekin. «Era guztietako eskaintzak egin behar dira: askotarikoak. Azken batean, gure egoera soziolinguistikoak hori eskatzen du». Harrobi diplomak iaz banatu zituzten lehen aldiz: hamazazpi erakunde pribatuk jaso zituzten.

Bide-erakusleak

Badira euskararen erabileran aurrerapauso irmoak ematea eta horiek egiaztatzea erabakitzen duten enpresak ere. 2000. urtetik martxan dira Bai Euskarari ziurtagiriak, eta, elkarteak emandako azken datuen arabera, egun 1.269 entitatek dituzte euskararen aldeko konpromisoak egiaztatzen dituzten agiri horiek. Jarraipena egiten dute, konpromiso horiek zenbateraino betetzen diren ikusteko, eta laguntza ematen dute bidean. Jaurlaritzak, berriz, Bikain ziurtagiriak ematen ditu 2008tik: 479 entitateri eman die ordutik.

Hedapen mugatua izanagatik tresna errotuak direla uste du Arrizabalagak: «Ziurtagiriak berme bat dira: kalitate zigilu bat, euskararen kalitate zigilua. Aitortza bat, errekonozimendu bat». Arlo horretan aurrera egiteko zailtasunak ikusten ditu, baina non aurrera egin ere bai. Uste du, adibidez, arnasguneei erreparatu behar zaiela, euskararen ezagutza eta erabilera handia duten udalerriei: udalekin-eta elkarlanean, egiaztagiriak lortzeko bideak landu daitezke eremu horietan. 

Aurrerabideak egin dituzten enpresek, aurreratuenek ere, euskararen inguruan lortutako «estatus» horren defentsa irmoan jardun behar izaten dute, Arrizabalagak azaldu duenez, orekari beti, amiltzeko arrisku handiegiekin. «Etengabe aritu behar dute zirikatzaile lanetan: zuzendaritzarekin, lehendakaritzarekin, langileekin... Etengabe hor arreta jartzen, bestela erori egiten baita. Izan ere, ez da erosoa, ez da errazena enpresa batentzat: ez dio bat-bateko etekinik ematen. Ez gara bizi euskarazko itsaso batean, eta erdal ingurunean bizitzeak eramaten gaitu ez itotzeko ahaleginetan bizitzera». Eta saltoki txikietan-eta usu zailagoa da egoera. «Ostalaritzan, adibidez, gero eta zailagoa da euskaraz artatuko zaituzten taberna eta jatetxeak aurkitzea».

«Ez da erosoa, ez da errazena enpresa batentzat: ez dio 
bat-bateko etekinik ematen».

IBON ARRIZABALAGA DE MINGOBai Euskarari elkarteko zuzendaria

Arrizabalagak uste du batasuna falta dela erakundeen artean, propio eremu sozioekonomiko pribatua euskalduntzeko erronkari erantzuteko. «Mahai bat» nahi luke, handia: administrazioa, enpresak, sindikatuak, kontsumitzaileak eta euskalgintza solasean nahi lituzke han, alor horretan zer egin aztertzeko. «Hori ezinbestekoa da». Langileak euskalduntzeko sistema sendo baten «falta» ere ikusten du. «Ez gaude prest; ez dago sistemarik lan mundua euskalduntzeko».

Argi du egungo ziurtagiri ereduak bateratu egin beharko direla batasunaren bidean, «homologazioa» helburutzat hartuta. Alde horretatik, irmo defendatu ditu Bai Euskarari ziurtagiriak: «Merezi dute aitortza». Eredu hori aitzindaria izan zela esan du, erreferentziazkoa, Euskal Herri osoan zabalduta dagoen sistema bakarra dela, eta «eraginkorra» dela, gainera. Egun «egokitzapen» guztiak eginda dauzkate bateratze horretarako, eta aurrera ateratzea espero dute. Eske horren harira, urteotan «lankidetzaren» bidean eman diren aurrerapausoak nabarmendu eta goratu nahi izan ditu Dobaranek ere. Eta horra emaitza bat: Harrobi diploma Bai Euskarari elkarteak kudeatzen du egun.

«Hormak» eraisten

Baikorra da Dobaran hartu duten bideari begira: «Enpresen jarrera aldatzen ari da; euskara ez da horma bat, eta ari dira euskara integratzen beste alor batzuk integratzen dituzten bezala. Berdintasuna ere integratzen ari dira, adibidez, baina ez horretarako lege bat dagoelako bakarrik, presioa dagoelako baizik». Era berean, uste du enpresek «balioetan oinarritutako proiektuak» garatu behar dituztela «talentua» erakartzeko bidean, eta hor euskara txertatzea ilusio pizgarri izan daitekeela askorentzat. «Baina laguntza behar dute». Gazte euskaldunak —eskolan euskaldundutakoak horietako asko— lan merkatura heltzen diren heinean prozesuak errazagoak izango direla uste du, baina oraindik ere eskua estutu behar zaiela enpresei: bakarrik senti ez daitezen. «Ezagutza daukan belaunaldi bat kudeatu behar da, eta halakorik ez daukan bat; egundoko lana egin behar da hor».

«Enpresen jarrera aldatzen ari da; euskara ez da horma bat: ari dira integratzen beste alor batzuk integratzen dituzten bezala».

MIREN DOBARANEusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea

Ostatu eta saltoki txikietan ari diren langile asko migratzaileak direla aintzat hartuta, horiek ere euskarara hurbiltzeko bideak errazten ari dira, Dobaranek adierazi duenez. Jaurlaritzak oraintxe bi aste aurkeztu zuen, adibidez, euskara online ikastea errazteko asmoz sortutako plataforma berria: Ingura. Haren bidez, heldu den urtean «ia doakoa» izango da A1 maila ikastea. Halakoak eskaintzeko konpromisoa badagoela esan du, eta jarraitu egin behar dela.

Arrizabalagak argi du «kontzientzia» ere landu behar dela, herritarrena, euskara gero eta esparru gehiagotan erabil dadin: «Guztion esku dago». Baina lege esparru sendoagoa ere eskatu du. «Hemen euskara eskatzen ez bada, non eskatuko da?».

 

DATUAK

1.269

Bai Euskarari ziurtagiridunak Bai Euskarari elkartearen ziurtagiriak hiru dira. Bidean izenekoa da eskakizun apalena duena: 496 entitatek dute egun. Zerbitzua euskaraz ematen dutenak 456 dira. Maila gorenean daude zerbitzua euskaraz eman eta lana ere hala egiten dutenak: 317 dira. Herrialdeka, horra: Araban 134 entitatek dituzte; Bizkaian, 180k; Gipuzkoan, 353k; Lapurdin, 135ek; Nafarroan, 163k; Nafarroa Beherean, 28k; Zuberoan, bik.

479

Bikain ziurtagiridunak 2008an banatzen hasi zenetik, urtero ematen ditu Eusko Jaurlaritzak Bikain ziurtagiriak. 479 entitatek jaso dituzte orain arte. Hiru maila dituzte hemen ere: oinarrizko ziurtagiriak, tartekoak eta goi mailakoak. 84 izan dira mailarik apalenekoak, 191 tartekoak, eta 204 maila gorenekoak. Alor publikoan banatu dira ziurtagirien %26, eta pribatuan %73,9. Azken alor horretan, gehienak kooperatibak dira: 132.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.