Eboluzioa ulertzeko, talde guztiak hartu behar dituzu aintzat: landareak, animaliak, bakterioak, onddoak... 3.700 milioi urteko historia da». Tximinoak, narrastiak eta halako bizidunak etortzen dira sarri askotan gogora bizitzaren eboluzioa hizpide hartzen denean. Landareei so ere, ordea, gako egokiak ikus daitezke eboluzioa ulertzeko. William Friedman botanikoa (New York, Ameriketako Estatu Batuak, 1959), Harvardeko Unibertsitateko Arnold Arboretum lorategi botanikoko zuzendaria, solaskide arras aparta da horri guztiari erreparatzeko. Izan ere, eboluzioaren teoriaren oinarriak ipini zituen Charles Darwinen ezagutzaile —eta dibulgatzaile— ospetsua da. Irailaren amaieran Donostian izan zen, DIPC Donostia International Physic Centerrek antolatutako Passion For Knowledge topaketan. BERRIAri emandako elkarrizketan bere solasak osatu nahi izan zituen Jose Iñaki Hormaza (Donostia, 1965) botanikoarenekin.
Friedmanek kontatu ohi du unibertsitateko eskolak hasi zituenean sentitu zuela landareak «ulertzen» hasteko premia. Seguruenera bizitzaren eboluzioa ulertzeko jakin-mina ere egon zen atzean; izan ere, Darwinek argitzeko utzi zituen kontuetako bat izan zen landare loredunak noiz eta nola sortu ziren eboluzioaren kate luzean. Ikertzaile askoren buruko minen motibo izan da ordutik misterio gogaikarria deitutakoa. Eta itaunik ez da falta gaur egun ere: «Oraindik misterio bat da; egun badakigu lehendabiziko landare loredunek lore txiki-txikiak zituztela, baina oraindik ez dakigu zein izan zen horiek ekarri zituen jauzia».
Izan ere, eboluzioa ikertzen duten beste hainbat adituk esaten dutena ikusten da, Friedmanen arabera, landareen eboluzioa ikertzean ere. «Zenbaitetan, prozesu aski motela izaten da, eta, beste zenbaitetan, oso-oso bizkorra». Eta landareetan ere badira kasu aski deigarriak. Ginko biloba izeneko landarea, esaterako, aski espezie bitxia da, ikertzaileen artean maiz hizpide hartua. «Orain dela 200 milioi urteko fosilak aztertu, edo oraingo ginko biloba landareenak, eta ia igualak dira. Ez dira ia batere aldatu».
Animalien eta landareen arbaso komuna bat izan zenez —«zelula bakar bat»—, landare organismoak eta animalienak ez direla horren ezberdinak azaltzen du Friedmanek. «Biokimika, oinarria, bera da; DNA, proteinak, aminoazidoak... Horiek guztiak komunak dira animalia eta landareetan. Egitura ezberdina dugu, baina barrura begiratzen baduzu, zeluletara, oso antzekoak dira». Inguruneari egokitzeko era ere nahiko antzekoa dela azaldu ohi du. Bada aldaketa ageriko bat, nolanahi ere: «Animaliak mugi daitezke. Landareek ezin dute; baina egokitzen dira: esaterako, hostoak aldatuz».
Gizakien jarduera: arriskuak
Izadian giza jardueraren ondorioz jazo ohi diren aldaketa bortitzen inguruan ohartarazi egin behar dela uste du Friedmanek. «Klima aldaketa egun gure bizitzan aurrez aurre ditugun erronka nagusietako bat da. Ez espezieak desager daitezkeelako bakarrik; Sirian egun gertatzen diren arazoetako asko ere klima aldaketaren ondorioz gertatzen direla ulertu behar da». Hazi transgenikoekin egindako nekazaritzari buruz galdera eginda, zuhur mintzo da. «Ingeniaritza genetikoa, berez, ez da txarra; jaten dugun dena genetikoki eraldatuta dago orain dela milaka urtetik; hainbat landareren artean gurutzatzeak usu egin izan ohi dira barietate hobeak lortzeko asmoz. Aldaketa da orain beste organismo batzuetako geneak sar daitezkeela landareetan; berez, hori ez da txarra, baina horri eman dakiokeen erabilera izan daiteke txarra, oso esku gutxitan dagoen teknologia baita azkenean. Teknologia horren gainean hazi enpresen kontrola dago». Hormazak beste kezka bat erantsi du gaian sakontzeko. «Ez dira transgenikoak bakarrik; monolaboreen inguruan ere kezka handia dago. Barietate eta espezie gutxi lantzea ere arazo da».
Badaki zeri buruz ari den. Malagako (Andaluzia, Espainia) ikerketa zentro batean ari da, eta 350 txirimoia barietate dituzte han: «Espainia osoan bakar bat besterik ez da landatzen, ordea. Gure helburua da besteak ere landuz joatea, aniztasuna sustatzeko». Horrek onurak baino ez dakartzala uste du: «Esaterako, izurri bat baldin badatorkizu, segurenera barietate horietakoren batek erresistentzia handiagoa izango du». Hazi mota gehiago erabiltzera egin behar dela uste du. «Espezie asko daude gizakiek igaro 10.000 urteetan kontsumitu dituztenak, baina, egun, horietako asko ez dira landatzen». Badu Greenpeacek transgenikoen inguruan azaldutako jarrera gaitzesteko hainbat zientzialari ospetsuk —tartean 109 Nobel saridunek— iragan ekainean argitaratutako gutunaren berri. Bestelako ikuskera du Hormazak: «Munduko gosea ez da ekoizpen arazo bat; banaketa arazo bat da». Horregatik zuhurtasuna transgenikoen aurrean: «Zenbait gauza jakinetarako interesgarriak izan daitezke, baina kontrol batekin beti». Inguruan dauden uzten «kutsatze» arriskua, esate baterako, aintzakotzat hartu behar dela pentsatzen du: «Arrisku horiek errealak dira; debatea, ordea, ez da zuri edo beltz. Eztabaida kasuan-kasuan egin behar da. Garrantzitsua da, halaber, kontsumitzaileak informatzea».
Eztabaida zabaldu nahi du Friedmanek ere: «Transgenikoena eztabaidaren zati bat da, baina janaria nola ekoizten den jakin behar da: kontsumitzaileak exijitu behar du jakitea nola landatu den ekoizpen hori, lurra landu duenari soldata egoki bat ordaindu zaion, eta abar... Osotasun horren barruko parte bat da transgenikoena». Eta ingurumenaren egoera oro har kezkagarria dela dio: «Ekosistemak galtzen ari gara». Egoki deritzo gizakiek jasan ditzaketen kalteen eraginez ohartarazteari. «Gutxienez ere, ikuspegi geurekoi batetik ikusi beharko genuke geure burua ere desagertzeko bidean jar dezakegula». Argi du, ordea, gogoeta sakonagoa dela: «Ez dugu eskubiderik milioika eboluzio urteren ondarea desagerrarazteko; beste espezie bat baino ez gara gu. Ekosistemak galtzearen erantzule gara; ez dugu horretarako eskubiderik». Bat dator Hormaza: «Martxa honetan, gure habitata suntsituko dugu, baina bizitzak jarraitu egingo du». Friedman: «Bai. Munduak jarraitu egingo du; guk erabaki behar dugu munduan jarraitu nahi dugun».
Landareez, izadian sustraituta
Botanikak batzen ditu Harvardeko Unibertsitateko lorategi botanikoko zuzendari William Friedman eta Jose Iñaki Hormaza ikertzaile donostiarra. Mintzaide apartak dira izadiaz eta eboluzioaren gakoez solastatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu