Urtebete edo bi urteren bueltan itzultzen den eztabaida da. Zer egin prostituzioarekin? Oraindik ere, XXI. mendearen hasieran, munduko lanbide zaharrena deritzotenak ez du lanbide aitorpenik. Legeari begira ere linbo batean. Arautu gabe, baina legez kanpokoa izateke. Eta eztabaida sutsuak pizten jarraitzen du, ideologikoki aldenduak dauden sektoreen artean ez ezik, baita mugimendu feministaren barnean ere.Prostituzioan aritzen diren emakumeen baldintzak hobeak izateko bidean, sexu lana arautu egin beharko litzatekeela diote batzuek. Emakumeen aurkako jazarpena besterik ez dute ikusten besteek prostituzioan. Eta debekatzearen alde daude.Edo bezeroak zigortzearen alde.
Azken hilabetean berriro piztu da eztabaida. Berriro ere, arau asmoek bultzatuta. Espainiako Gobernuak agertu zuen, lehendabizi, prostituzio iragarkiak hedabide idatzietan debekatzeko aukera aztertzeko asmoa. Egun batzuk geroago, Suediako ereduari begira, Frantziako Osasun ministro Roselyne Bachelot prostituzioaren bezeroak zigortzearen alde agertu zen, eta parlamentuko batzorde bat gaiaren inguruko lege proposamen bat ari da prestatzen.
«Neurri desegokiak dira», dio garbi Aurora Iturriotz Medeak talde feministako kideak. «Ez dute prostituzioaren gaia modu sakonean lantzen, eta, finean, putei beraiei egiten diete kalte». Iturriotzen iritziz, orain arte prostituzioaren inguruan hartu diren neurri guztiak «itxurazkoak» izan dira. «Irudi kontu bat da. Kale garbiak nahi dituzte. Edota garbiak diruditen kaleak. Eta, horretarako, putak kendu behar dituzte bertatik».
Duela urtebete inguru, Bilboko Udalak kalean sexu harremanak izatea edota harremanok diru truke eskaintzea eta eskatzea zigortzen dituen udal ordenantza onartu zuen, eztabaida handien artean. Emakundek kritikatu egin zuen neurria, prostituzioa «ordena publikoko arazo gisa» hartzen duelako, eta ez duelako, aitzitik, «kontuan hartzen prostituzioan aritzen diren pertsonen defentsa».
Halako neurriekin prostituzioa «ikusezin» bihurtu nahi dutela agertu du Askabide elkarteko kide Ana Prietok. Askabide 1985. urtetik ari da lanean prostituzioaren inguruan aritzen diren pertsonekin, haiei harrera eta formazioa ematen eta baita sentsibilizazio eta salaketa kanpainak egiten ere. «Prostituzioaren inguruan hartzen diren neurri guztiak prostitutak ikusezin bihurtzeko bidean hartzen dira. Gizartearentzat errealitate deserosoa da, eta askotan ez dugu ikusi nahi. Ikusten ez duguna ez dagoelako. Baina egon badago». Ikusezintasunaz harago, Bilboko udal ordenantzak beste ondorio bat ere izan du, Prietoren iritziz. Ahulago eta babes gutxiagorekin utzi ditu prostitutak: «Ez bakarrik haietako askok baldintzak beste norbaitek ezartzen dituen klubetan babestu behar izan dutelako. Kalean segitu nahi dutenek lekuak bilatuko dituzte, modu ezkutuan, eta horrek haien babesari eta segurtasunari eragingo die».
Nolanahi ere, 2007an Emakundek egin zuen azterketa baten datuek adierazi zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.820 emakume aritzen direla prostituzioan eta horietatik 51 besterik ez direla kalean egoten (%3). %66 prostituzio etxe txiki edo handietan aritzen dira, eta %31, etxeetan. Nafarroan egindako azken ikerketaren arabera, berriz, 500 eta 775 emakume artean dira prostituzioan aritzen direnak: %85 klubetan, %10 etxeetan eta %5 kalean.
Bilbon bezala, Bartzelonan ere kaleko prostituzioari jazarri zaio udala, baina horren atzean «mafiek egin duten presioa» antzeman du Carmen Freixa Kataluniako Emakume Kazetarien Elkarteko presidenteak. «Bartzelona inguruko klub batzuk itxiarazi zituen epaile batek, eta handik egun gutxi batzuetara, emakume ugari agertu ziren kalean, Boqueriako merkatuaren inguruan, agintariei presio egiteko». Klubetako «mafiek» bidali zituztela dio, zalantzarik gabe, Freixak. «Hori nahi dutelako. Kaletik barrura eraman, etxe barruan ez dagoelako mafiak kontrolatuko dituen inor».
Freixak urteak daramatza prostituzioaren aurka borrokan. Susana Koska zinemagilearekin batera, Puteroak gure hirietatik kanpora kanpaina abiatu zuen orain dela lauzpabost urte, eta prostituzio egoera ororen atzean emakumeen eskubide urraketak daudela deritzo. Hori dela eta, 2006an Montserrat Tura Kataluniako Generalitateko kontseilari sozialistak prostituzioa arautzeko eta legezko bihurtzeko asmoa agertu zuenean, kontra agertu zen. «Prostituzio etxe deitzen zaie, baina emakume trafikatuen almazenak dira, besterik gabe».
Estigmari lotuak
Azken 25 urteotan nabarmen aldatu da Hego Euskal Herrian prostituzioan aritzen diren pertsonen soslaia. Emakundek emandako datuen arabera, 1980ko hamarkada bitartean bertakoak eta inguruko lurraldeetatik iritsitakoak ziren nagusi. Urte haietan droga mendekotasunean zeuden emakume asko hasi ziren prostituzioan, eta azken urteetako datuek diote prostituten %85-90 Latinoamerikatik, Afrikatik, Karibeko herrialdeetatik eta Europa ekialdetik iritsitako emakumeak direla. «Baina prostituzioa ez da azaltzen immigrazioaren ondorio gisa. Asko aldatzen da, eta ez dakigu nolakoa izango den 25 urte barru».
Egoera eta garai guztietan prostitutak «estigmatizatuta» egon direla uste du Prietok. Askabide elkarteko kidearen iritziz, «beren jarduerak beren izatea definitzen du. Eta, estigmaren ondorioz, bazterkeria pairatzen dute, eta beren egoera hobetzeko solaskide gisa ere ez ditugu ikusten».
Paloma Fernandez Rasines NUPeko antropologia irakasleak garrantzi handia ematen dio prostitutei ezarri zaien estigmari: «Oso indartsua da, sexu eta genero ereduez mintzo delako. Emakume izateko, ona, zintzoa izan behar duzu. Ezin duzu puta zarela eman. Eta estigma indarrean dagoen bitartean genero ezberdintasunak egongo dira. Azken batean, putekiko estigma ahultzen bada, zer izango dira emakumeak? Ez dute mugarik izango».
Iturriotz ere iritzi berekoa da, eta prostituzioaren estigmatizazioa «emakume guztien arazoa» dela dio: «Emakume onak ez garenak gara putak. Eta hori txikitatik jorratzen den sozializazio fenomenoa da. Gizonei ere gertatzen zaie. Sentiberatasuna erakusten badute gaztetxoak direnean, berehala bihurtzen dira maritxuak. Eta estigma horri aurre egiteko, erakutsi behar dute ez direla sentiberak».
Ekainaren 2an Sexu Langileen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta, aurreko urtean bezala, Medeak kolektiboak, beste talde batzuekin batera, estigmaren kontra kalera ateratzeko deia egin du. «Babesa eman behar diegu, eta adierazi denak garela putak. Eta eman behar diegu beren ahotsa entzuteko lekua».
Emakumeen duintasuna
Prostituzioari buruzko datuen dantza handia izaten da, iturrien arabera. Espainiako Osasun Ministerioaren arabera, estatuan prostituzioan aritzen direnen %95 gogoz kontra aritzen dira. Freixaren iritziz, ez dago prostituzioan «libre» ari den emakumerik: «Esklabotza ez da legezkoa. Eta prostituzioa esklabotza mota bat da. Ezin da gorputzen trafikoarekin dirua aterako duen inor egon. Proxenetentzat objektuak dira emakumeak. Autoak eta emakumeak elkar trukatzen dituzte euren artean».
Oso bestelako iritzia du Fernandez Rasinesek, eta Nazio Batuen arabera prostituzioan derrigortuta jarduten duten emakumeak zazpitik bat direla dio. «Nik ez dut uste mafia batek jazarrita eta prostituzioan aritzera behartuta daudenak esaten dena bezainbeste direnik. Are gehiago, ez daukat arrazoirik pentsatzeko emakumearen mendekotasun egoera bat dagoenik prostituta-bezero harreman guztietan». Prostituzioan emakume jazarriak izan daitezkeela onartu du NUPeko irakasleak. «Hori ezin da ukatu, baina ez dira guztiak. Emakume laidoztatuak egon daitezke prostituzioan, baina sexu oinarriko jazarpena eremu guztietan gerta daiteke. Lanean, familian... ez bakarrik prostituzioan».
Prostituzioa emakumearen duintasunaren aurka doala diotenei erantzunez, Iturriotzek sexualitateari buruzko hausnarketa eskatzen du: «Ematen du emakumeok duintasuna baginan dugula. Gorputza denok alokatzen dugu modu batean edo bestean, baina badirudi sexua dela dirua irabazteko erabil ezin daitekeen gauza bakarra». Familia generoen artean ezberdintasuna sustatzen duen instituziorik garrantzitsuena dela dio: «Genero rolak bereizi egiten dira familian, eta rolen araberako lanaren banaketa ere egiten da. Baina familiaren barruan bere sexualitatea eta bere lan indarra doan alokatzen duen emakumea ona da. Kontua da putak negoziatu egiten duela zenbat kobratuko duen».
Emakumeen salerosketa egon daitekeela uste du Iturriotzek, baina prostituzioan aritu nahi duten emakumeak ere badirela deritzo: «Emakumeek beren borondatearen kontra egingo duten dena salatuko dugu, baina askok, dituzten aukeren artean, hori aukeratzen dute. Beste lan duin horietan aritzen dira, baina horietan jasaten duten jazarpena ikusita, nahiago dute prostituzioan aritu».
Askabidek Bizkaian egiten du lan, eta askotan prostitutek «baldintza bidegabeak» jasaten dituztela ikusi du: «Etorkinak dira, askotan egoera irregularrean daudenak, eta lan jardun oso luzekoak. Baina gehien-gehienek badakite, hona etortzeko erabakia hartzen dutenean, prostituzioan ariko direla, nahiz eta hori behin-behinekotzat ikusten duten».
Fernandez Rasinesen ustez, immigrazio politikek gaur egun emakume etorkinei aukera oso gutxi eskaintzen dizkiete. «Etxeko langile edota zaintza lanetan aritzen dira, asko eta asko egoera penagarrian. Lizentziatuak izan daitezke, ikasketadunak... baina izango dute nahi duten eremuan lan egiteko aukerarik? Errealitateak esaten du ezetz. Eta horren aurrean, emakume batzuek prostituzioaren bidea aukeratzen dute. Kontu ekonomikoa besterik ez da».
Iragarkiak komunikabideetan
Estatu Kontseiluak emandako aholkuari jarraituz, Espainiako Gobernuak iragarri berri du prentsa idatzian prostituzio iragarkiak debekatzeko aukera aztertuko duela. Freixak eta Kataluniako Emakume Kazetarien Elkarteak azken urteetan lan handia egin dute eremu horretan: «Egunkariek 40 milioi euro irabazten dute emakumeen trafikoa eta salerosketa sustatzen duten iragarki horien bitartez. Zorionez, badira iragarkirik gabe sortu diren hedabideak, eta baita kendu egin dituztenak ere. Baina ohiko komunikabideek erabaki dute garrantzitsuagoa dela dirua emakumeen trafikoaren kontra egitea baino».
AEDEk, Espainiako egunkari argitaratzaileak biltzen dituen elkarteak, ordea, adierazi du gobernuak Estatu Kontseiluaren txostenari kasu egingo balio «legezko jarduera baten publizitatea egiteko oinarrizko eskubidea» urratuko lukeela.
Iragarkiak debekatzeak prostitutei ere kalte egingo liekeela deritzo Prietok. «Saltzen dute debekatzea emakumeen salerosketaren kontrako neurria izango balitz bezala. Eta ez da kontuan hartzen beren borondatez praktikatzen dutela prostituzioa emakume batzuek». Askabideko kidearen iritziz, prentsako iragarkiak «bezeroak modu autonomoan erakartzeko» modua dira prostituzioan aritzen direnentzat.
Europan, prostituzioaren gaineko legedia ez dago bateraturik. Suedian, adibidez, bezeroak zigortzen dituzte, eta Herbehereetan, aldiz, jarduera arautu eta legezkoa da. Prostituzioa abolitzearen alde egiten du Freixak, eta Europak legedi bateratua behar duela deritzo: «Esklabotza debekatu zen bezala, emakumeen eta haurren trafikoa debekatuko duen legedia behar dugu. Eta izan behar dugu gizarte bat zeinetan inork ez duen bere gorputza saldu beharko bizitzeko».
Beren egoera zein den «eta zer nahi duten» jakiteko, prostitutekin hitz egitearen alde dago Iturriotz: «Prostituzioa arautu dezakegu, baina zertarako? Hori da gakoa, orain arteko arautegi guztiak puten kalterako izan direlako». Suedian bezala, Frantzian ere bezeroei isunak ezartzen hasten badira, «kaltea» prostitutei egingo zaiela salatu du Medeak-eko kideak: «Eman dezake erabaki aurrerakoi bat. Bezeroak zigortzea eta ez putak. Baina oinarrian puten kontra doa erabakia».
Prostituzioa
Langileak edo jazarriak
Frantziako Gobernuak prostituzioaren bezeroak zigortzeko aukera ireki du, eta Espainiakoak prentsako iragarkiak debekatzea aztertuko du. Horrek eztabaida piztu du jarduera hori arautu eta debekatu nahi dutenen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu