Gas Naturalek Lantaronen (Araba) ziklo konbinatuko zentral termikoa eraikitzeko asmoa duela-eta kezkatuta eta egitasmoaren kontra agertu dira hainbat bizilagun eta elkarte. Hain zuzen ere, herritarren iritzia jaso eta plazaratzeko galdeketa egin zuten atzo Añanako kuadrilako 32 herribatzarretan, Arabako Herribatzarren Elkarteak antolatuta.
Guztira 32 herribatzar horietako 18 urtetik gorako 2.936 bizilagunek zuten galdeketan parte hartzeko aukera, eta 906k eman zuten botoa; hau da, %30,86k. Parte hartu zutenen artean, berriz, zentralaren kontrakoak izan ziren nagusi: 821ek eman zuten aurkako botoa. Proiektuaren alde, berriz, 68 agertu ziren, 14k boto zuria eman zuten eta hiru boto baliogabetu egin dituzte.
Egitasmoaren kontra daudenek zentralak ingurumenean eta herritarren osasunean arazoak sortuko dituela argudiatzen dute, eta lehendik ere badirela inguruan hainbat azpiegitura kutsagarri -industria kimikoak eta Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra-. Plataforma bat ere osatu dute egitasmoaren kontra. Zenbait elkarte, Ekologistak Martxan, kasu, zentralaren aurka daude.
Gas Naturalek, berriz, zentralak 35-45 lanpostu sortuko dituela eta eraikitzen duten bitartean 500 eta mila lanpostu bitartean.
Ingurumena
Lantaronen zentrala egitearen aurka agertu dira galdeketan parte hartu duten herritarren %91
Añanako kuadrilako 32 herribatzarretako 2.936 bizilagunek zuten botoa emateko aukera eta 906k egin zuten; hots, %30,86k. Arabako Kontzejuen Elkarteak antolatu du galdeketa. Gas Naturalek Lantaronen ziklo konbinatuko zentral termikoa eraikitzeko asmoa dauka, eta hainbat bizilagun eta elkarte kontra agertu dira ingurumenean eta osasunean sor ditzakeen arazoengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu