Lapurdiko eskola batek salatu du Bilboko aterpetxe batek erreserba ukatu diola euskaraz egiteagatik

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko arta bermatzeko neurriak eskatu dizkie instituzioei.

Aterpetxeko gela bat. GANBARA HOSTEL
Aterpetxeko gela bat. GANBARA HOSTEL
Iosu Alberdi.
2025eko uztailaren 8a
10:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu du Lapurdiko eskola bati ostatu hartzea ukatu diola Bilboko aterpetxe batek, erreserba euskaraz egiten saiatzeagatik. «Azkenean zera erran didate: espainolez mintzatzen ez ginenez ez gintuztela beren hotelean hartuko», dio salaketak.

Behatokiak jasotako kexaren arabera, datorren ikasturtean ikasleekin Bizkaiko hiriburura egin asmo duten bidaia prestatzeko lanetan ari zen ikastetxeko langile bat, eta harremanetan jarri zen Bilboko Ganbara Hostel Bilbao aterpetxearekin. Harremanetan jarri eta lehen ezezkoa eman zion enpresak. «Euskaraz ba ote zekiten galdegin, eta ezetz», azaldu dio eskolako ordezkariak Behatokiari.

Zehazki, hala jaso du Behatokiak aterpetxe haren erantzuna, gazteleraz: «Zure mezuak itzultzaile batekin itzultzen ari naiz, bulegoan inork ez baitu euskaraz hitz egiten. Eskertuko nizuke, komunikazioa ahalik eta argiena izateko, hemendik aurrerako zure komunikazioak gazteleraz egitea».

Lapurdiko eskolako ordezkariak, baina, euskaraz erantzun zion, eta aterpetxeak erantzun zion erreserba eskaera bertan behera utziko zutela: «Nahiago dugu erreserba hau ez baieztatu, eta horrela etorkizuneko gaizki-ulertuak ekidin. Espero dugu ulertzea, eta zuen beharretara hobeto egokitzen den hostal bat topatzea opa dizuegu».

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu du enpresa hark atzerriko hizkuntzak onartzen dituela harremanetarako, baina ukatu egiten duela gauza bera euskaraz egitea, nahiz eta hartu-eman hori idatziz garatzeko tresnak izan: «Bilbon ofiziala den hizkuntza ez du onartzen, eta bezeroei, nahitaez, gaztelania edo ingelesa inposatzen die».

Aterpetxearekin harremanetan jarri da BERRIA, eta euskaraz hitz egiteko ezintasunarekin lotu dute gertatutakoa.

Horiek hala, ostalaritza, merkataritza eta turismo enpresek euskaraz artatzeko lege betebeharrak garatzearen garrantzia azpimarratu du behatokiak. Zehazki, EAEko Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuan eta hari lotutako araudietan beharrezko aldaketak egiteko eskatu diete instituzioei.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.