Euskal Hirigune Elkargoak kalkulatu duenez, egunean 200.000 pertsona bainatzen dira udan Lapurdiko kostako uretan. Hori kontuan harturik, ezinbestekoa da uraren kalitate egokia bermatzea, jendea ezin baita bainatu ur kutsatuetan. Elkargoko hautetsiek prentsaurrekoa egin dute goizean, uraren kalitatea bermatzeko aitzina eramaten dituzten proiektu eta protokoloak aurkezteko: batez ere, urak garbitzeko azpiegituren berritzeko inbertitzea aipatu dute, eta azpimarratu prebentzioaren eta pedagogiaren beharra.
Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapeza eta Maider Aroztegi Miarritzekoa mintzatu dira. Alzurik edateko uraren, itsasbazterraren eta kosta lerroaren ardura du Elkargoan; Aroztegik, berriz, drainatzearena eta euri urena. Hasieratik erran dute Lapurdiko kostako urak egunero aztertzen dituztela; hain zuzen ere, Eskualdeko Osasun Agentziaren berak egiten du hiru ezaugarri nagusiren arabera: eguraldi eta ozeano baldintzak, ur zikinak tratatzeko sarearen egoera, eta hesteetako enterokokoen analisia bakteriologiko azkarra.
Azterketa bat ez bada ontsa ateratzen, beste lagin bat hartzen dute, eta hondartzak hetsirik segitzen du orduan. Bigarren lagina ontsa ateratzen bada, orduan hondartza irekitzen dute arratsaldean.
Milioika euro araztegietan
«Ipar Euskal Herria biziki pikoan da uraren kalitateari dagokionez», erran du Aroztegik; Alzurik, berriz, Elkargoaren lana txalotu du. Urtero, 40 milioi euro inbertitzen dituzte ur zikinak biltzeko sareen berritzeko, euri uren biltegiak sortzeko, sareen banaketa sistemak garatzeko, araztegien tratamendu ahalmenak handitzeko. Hain zuzen ere, berriki, Senperen eta Bidarten (Lapurdi) araztegiak sortu dituzte.
Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapeza ere bada, eta azaldu du eratu duten araztegiak Bidarteko biztanleria baino anitz ere jende gehiagoren beharrei erantzun diezaiekeela ur zikinen tratamenduari dagokionez. Izan ere, turismoari egin dio erreferentzia, udaro milaka jende gehiago biltzen baitira Lapurdiko kostara. Horrek ere ezinbestean kutsadura iturri berriak dakartza, «usaiak» ere kutsatu baitezake. Beraz, kutsadura hiru iturri nagusietarik bat hori da, gaizki drainatzea eta lurrak iragazgaitz izatearekin batera.
Araztegiak sortu, berritu edo handitzeko inbertitzen duten diruaz gain, bigarren erronka handia lurrak iragazkor bihurtzea dute. Lapurdiko kostaldea biziki artifizializatu dute, eta, klima aldaketak aitzina egin duenez, bazterrak berriz landareez hornitu behar dituzte, lurrek euri urak eta besteak xurgatu ahal izan ditzan. Aroztegik erran duenaz, eraikitzeko garaian «gora» begira pentsatu beharko da, eta ez hainbeste «zabalean».
Eta pedagogiaren aipamena ere egin dute, haien ustez herritarrek ulertu behar baitute zer diren aitzina eramaten dituzte proiektu eta protokoloak uren zaintzeko. Aroztegik erran du «herritarrak kezkaturik» ikusten dituela, baina, aldi berean, «zailtasunak [dituztela] ulertzeko»: «Jendeak ekologista izan nahi du, baina, gero, bakoitzak bere igerilekua nahi du». Uste du komunikazio kanpaina bat egin beharko dutela azaltzeko zehazki zer diren egunero egiten dituzten azterketak, zer protokolori jarraikitzen dioten eta non inbertitzen duten dirua uraren kutsatzea mugatzeko.
Ez Aroztegik ez Alzurik ez dute turistifikazioaren edo eraikinak eratzearen mugatzeari dagokion aipamenik egin.
'Ostreopsis' alga toxikoa
Klima aldaketak Lapurdiko eta Gipuzkoako kostari ekarri dion beste ondorioetako bat ostreopsis algaren agertzea da. Begi hutsez ezin liteke ikusi, baina 2021eko udan agertutako mikroalga hori toxikoa da, eta zenbait osasun arrisku arin eragin ditzake: hala nola sudur, larruazal eta arnas aparatuko narriadurak. Halere, oraingoz, ez dago legezko protokolorik, eta, beraz, aitzina eramandako egintzak autonomoak dira.
Elkargoak talde zientifikoak lanean jarri zituen, eta 2022tik geroz urte osoko jarraipena egiten dute. Dirudienez, «ez du inolako loturarik ur zikinen kudeaketarekin». 2024ko urtarriletik aitzina, Ostreobila proiektua martxan jarri du Euskal Itsasbazterreko Ikerketa Taldeak POCTEFA diru laguntza baten sostenguarekin. Helburua da Ipar eta Hego Euskal Herriko kostaldean algen dinamikaren jarraipena egitea, toxina eta gasen identifikazioa egitea eta protokolo harmonizatu baten sortzea.