Lapurreta batekin lotu dute Bilboko bi adinekoren indarkeriazko hilketa

Etxean hilda aurkitu dituzte andre-gizonak, indarkeria zantzuak zituztela: kolpeak dauzkate aurpegian eta buruan. 87 urte zeuzkaten. Etxea hankaz gora topatu dute, eta lapurretaren hipotesia du Ertzaintzak

Ertzainak, atzo, senar-emazteen etxearen atarian. Barruan aurkitu zituzten biak hilda, kolpeak zituztela. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Indarkeria zantzuekin, kolpeka hilda aurkitu zituzten adineko andre-gizon batzuk atzo Bilbon, Otxarkoaga auzoan. Etxean topatu zituzten, eta kolpeak zeuzkaten buruan eta aurpegian. Ikerketa zabalik dauka Ertzaintzak, eta delinkuentziarekin lotutakoa da hipotesi nagusia: uste dute lapurreta egitera sartu zirela etxera, eta hil egin zituztela senar-emazteak. 87 urte zeuzkaten, eta urteak zeramatzaten auzoan bizitzen. Kezka handia eragin du hilketak Otxarkoagan, eta bilkura bat egin zuten atzo iluntzean. Segurtasunari buruzko eztabaida berriro mahai gainean dago Bilbon, beraz.

Bazkalondoan jaso zuten abisua larrialdi zerbitzuetan. Berri agentziek emandako informazioaren arabera, bikotearen seme batek eman zuen deia; aita-amen berririk ez, eta haien etxera joan zen. Hilda topatu zituen. Larrialdi zerbitzuei eman zien abisu: udaltzainak eta ertzainak joan ziren. Indarkeria zantzuak zituztenez, Ertzaintzaren esku dago ikerketa.

Otxarkoaga auzoan gertatu zen hilketa, Zizeruena kalean, lehen solairu bateko etxebizitza batean. Hildako bikotea ezaguna zen auzoan, bizilagun batzuek esplikatu zutenez; saltoki bat edukia zuten, eta erretiroa hartzean itxi zuten.

Alkatea, lasaitasun eske

Ertzaintzak ez du hipotesirik baztertu, baina delinkuentziarenari eman zioten indarra hasieratik, berri agentzien arabera. Hankaz gora aurkitu zuten etxea, erasotzaileak bilaka aritu izan balira bezala, eta, horregatik, uste dute litekeena dela erasotzaileak lapurretara sartu izana. Horrekin lotu dute, baita ere, indarkeria erabili izana: buruan eta aurpegian kolpe ugari zituzten andre-gizonek.

Lapurretaren hipotesia zabaldurik, horri heldu zioten bizilagun gehienek kazetariei egindako adierazpenetan; azken hilabeteetan hainbat lapurreta jasan dituztela auzoan. Gaur arratsean, hain justu ere, bilkura egitekoa dute Otxarkoagan, bizilagunek deituta.

Lasaitasuna eskatu du Bilboko alkateak, Juan Mari Aburtok, eta Poliziaren ikerketaren emaitzei itxaroteko eskatu du. Oharra egin du, nolanahi ere: «Espero dugu gertatutakoa ahalik eta azkarren argitzea, justiziak ekin diezaion. Bilbon, ez egitekoren bat egiten duenak pagatu egiten du. Beti».

Bilbon segurtasun faltari buruzko eztabaida bete-betean dagoelarik gertatu dira Otxarkoagako hilketak. Gogoan izatekoa da duela hilabete eskas gizon bat hil zutela Bilbon bertan, kale erdian: abenduaren 23 goizaldean, bi nerabek gizon bati eraso egin zioten Bilbo erdialdean, Erripa eta Nafarroa kaleak gurutzatzen diren lekuan; kolpatu egin zuten gizona, eta erortzean jasotako kolpearen ondorioz hil zen. Ezaguna zen hildako gizonezkoa: Ibon Urrengoetxea futbolari ohia. 43 urte zituen.

Hilketa horrekin lotuta, bi nerabe identifikatu zituen Ertzaintzak: bat, 16 urtekoa, adingabeen zentro batera sartu dute; bestea, 13 urtekoa, ezin dute inputatu, eta diputazioaren zaintzapean dago.

Aurreko hilabeteetan salaketa ugari jasoak zituzten Bilbon, kalean lapurretan ari zirelako. Nerabe talde bat atxilotu zuen Ertzaintzak, eta, sortutako ezinegonaren lekuko, joan den astean agerraldi bat egin zuten polizia arduradunek. Ezohiko agerraldia izan zen.

Bilbon bertan bakarrik ez, inguruan ere izan dira indarkeriazko lapurreta gehiago: esate baterako, Sopelan, abenduaren 22an, lapurreta egin zuten etxe batean, etxekoei eskuak lotu ostean. Hiru gizon atzeman zituzten Bilbon eta Barakaldon, eta kartzelan daude.

Ertzaintzaren datuek diote delituen kopuruak gora egin zuela iaz Bilbon —irailera arteko datuak kaleratu dituzte—: mila biztanleko, 41 delitu egin zituzten. Donostiaren eta Gasteizen aldean, goian dago Bilbo: Gasteizen, 24,8 delitu mila biztanleko; Donostian, 20,4.

Aburto alkateak nabarmendu du «segurtasunerako itun bat» taxutzen ari direla udalean, eta «laster» izango dela indarrean. «Ez da eztabaida politikoa: denok lan egin behar dugu elkarrekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.