Koronabirusaren krisia global bihurtu da, baina baditu gertuko hamaika istorio. Muturreko egoera honen aurrean, ezinbestekoa ari da bihurtzen osasun zentroetako beharginen lana, eta hala adierazi nahi izan du, jendaurrean, koronabirusak jota hil den gizon baten familiak.
Nerea Lasok dioenez, konturatzerako euren aitona «pelikulako beste aktore nagusi bat bilakatu zen». Donostiako Amara ospitaleko 1.403 gelan sentitu eta bizitakoak kontatzen ditu jarraian: aitonarekin gutxieneko distantzia hori mantentzearen zailtasuna eta, batez ere, erietxeko langileek emandako babesa eta lasaitasuna. «Besarkadak eta muxuak debekatuta dauden honetan, 1403 txalo bidali nahi dizkiegu Amara ospitaleko langileei». Jarraian, Nerea Lasoren gutuna osorik:
1.403 txalo Amara ospitaleko langileei
Positibo eta isolamendu hitzek barrutik suntsitu gintuzten; konturatzerako, gure aitona pelikulako beste aktore nagusi bat bihurtu zen eta gu, ezinbestean, zinemako publiko. Amara ospitaleko laugarren pisurako bidea berarekin egin genuen, segurtasun distantzia mantenduta. Zein zaila den aitonaren ohe gainera botatzeko gogoari eustea, edo bere ezpain goxoen muxua masailean ezin sentitzea. Pelikula berri bateko zuzendari izan nahiko nukeen momentu hartan, eszena aldatu eta gure protagonista kuttuna betikoekin bizitzagatik topa egiten jartzeko.
Bide luze hartan topatutako mediku, zeladore, erizain, laguntzaile eta garbitzaileak urduritasun begiradaz agurtu nituen, eta haiek irribarre lasaigarri batez erantzun. Lorena erizaina izan zen laugarren pisu hartan ezagutu genuen lehenengo pertsona. Bat-batean, bera eta bertako profesional guztiak familiko sentitu nituen. Aitonari indar eta maitasun keinuak urrutitik bidali eta goxotasunez zaindutako 1.403 izeneko etxe berrian gelditu zen.
Lorena, etxera bueltan nindoala, gogoa sentitu nuen zuri eta bertako guztiei kontatzeko nolakoa den gure aitona. Ez dela sekula gaixorik egon, umorea dela bere eguneroko botika, izugarri gustatzen zaiola jatea edo ur azpian ere ez dela isiltzen. Bere milaka abentura eta anekdota kontatuko nizkizuen gustura, zuek barrez lehertzeko. Baina segituan ulertu nuen, zuek ere gertutik ezagutzeko aukera izango zenutela. Pentsa, orain, bere kroketa gustukoenak zein diren ere badakizue!
Minutuak ordu bilakatu zaizkigu egunotan, baina zuekin izandako telefono deiek gure esperoa arindu dute. Bere bizi energiak eta zuen gertutasunak betaurreko, maskara nahiz eskularruen hoztasuna ere berotu dute. Orain, gure pelikula bukatu den arren, badakigu han jarraitzen duzuela beste protagonista borrokalariekin batera, egoera zoro honi eusten.
Mila esker eskainitako laztan eta hitz bakoitzagatik, azken momentura arte ez etsitzeagatik eta emandako zaintzagatik, zuen profesionaltasunagatik. Besarkadak eta muxuak debekatuta dauden honetan, 1403 txalo bidali nahi dizkiegu Amara ospitaleko langileei.