Bateragune auzian 2012an ezker independentistaren zenbait buruzagiren aurka ezarri zituen zigorrak baliogabetu zituen atzo Espainiako Auzitegi Gorenak, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak 2018ko azaroan kaleratutako epaiari men eginez. Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren eta duela zortzi urte zigortuetako bat izan zenaren ustez, bere garaian egin zuten azterketa «berresten» du Gorenak ebatzitakoak, bai juridikoki, bai politikoki. «Gure aurkako operazioak ez zuen oinarri juridikorik; oinarri politikoak zituen. Gure kontrakoa estatu operazio bat izan zen». 2009ko urrian atxilotu zuten Otegi —ia zazpi urte igaro zituen kartzelatuta—, eta, orduz geroztik hamar urte baino gehiago igaro diren honetan, «irakurketa bat» egiten du: «Ezker abertzalea indartsuago dago, eta operazioa diseinatu zutenak, ahulago».
Gorenak ebatzitakoari buruzko balorazioa egin du gaur Otegik, EH Bilduren egoitzan, Donostian, eta alboan izan ditu auzi hartan atxilotu zituztenetako bi: Rafa Diez eta Miren Zabaleta. Iñigo Iruin haien abokatuak ere parte hartu du agerraldian, eta jakinarazi du kalte-ordainak erreklamatuko dituztela. «Argudio juridikoetan luzatu gabe, nahikoa da sei urte eta erdiko kartzelatzea gogoraraztea», nabarmendu du Iruinek.
Otegirentzat estatu operazio bat izan zen, eta azpimarratu du zein «helburu» zituen. «Uste dugu frogatuta gelditu dela helburu horiek zituela». Oroitu du orduan PSOE zegoela Espainiako Gobernuan. Operazioaren xedeetako bat zen, ezker independentistako buruetako baten ustez, orduan «ezker abertzalea markatzen ari zen estrategia aldaketa eragoztea. Beraz, bakearen aurkako operazio bat zen». Bigarren «helburua» zen estrategia horren aldeko «apustua» egin zuten «militante batzuk neutralizatzea, kartzelatzea, eta zirkulaziotik kanpo uztea». Hirugarrena, «ezker abertzalean zatiketa» eragitea. Eta laugarrena, Otegiren esanetan, «proiektu independentista eta ezkerrekoa deuseztatzea eta egiturarik gabe uztea».
Hamar urte pasatuta, pentsatzen du «balantzea» egiteko garaia dela. Testuingurua zehaztu, eta gogoratu du duela hamar urte Patxi Lopez (PSE-EE) zela Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, «aprobetxatuz», besteak beste, «ezker abertzalea legez kanporatuta zegoela». Nafarroan, Yolanda Barcina (UPN) zen presidente. Eta 2020an egoera zein den azaldu du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. «Proiektu abertzale subiranista eta ezkerrekoa lehen indar munizipalista da Hego Euskal Herrian». Iruditzen zaio, gainera, proiektu hori «guztiz egituratuta» dagoela, eta «indarrak batzen» ari dela. Eta uste du Euskal Herriko zazpi probintzietan ari dela hori gertatzen. «Horren erakusgarri, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan udal hauteskundeetan edukitako emaitzak; bestetik, aintzat hartu behar da Nafarroan aldaketan jokatzen duen rola». EAEko legebiltzarrerako bozetan lortutako emaitzak ere izan ditu hizpide.
Horregatik guztiagatik uste du «garaipen juridikoa» gertatu dela, bai, baina, Otegirentzat, «garaipen politikoa» ere martxan dago; «garatzen ari da» Euskal Herri osoan.
Espainiako Estatuari eskaera
«Hausnarketa bat» plazaratu du galdera baten bidez: «Noiz egingo du [Espainiako] estatuak apustu bide baketsu eta demokratikoengatik? Interpelatu egin nahi ditut». Eta beste galdera bat: «Noiz onartuko du frogak eraikitzen dituela eta kartzelatu egiten duela, eta tortura sistematikoki erabiltzen duela Euskal Herrian eta beste toki batzuetan?».