'Bateragune auzia'

Behin betiko itxi da 'Bateragune'

Estrasburgoko epaitegiaren epaiari men egin, eta ordura arteko zigorrak bertan behera utzi ditu Auzitegi Gorenak. Otegiri kargu publiko izateko debekua kendu diote

Auzipetuak. Donostian, Estrasburgoko epaia jakin osteko irakurketa, 2018an. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Berandu, baina etorri da. 21 hilabeteren buruan, Espainiako Auzitegi Goreneko Bigarren Aretoak men egin dio Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Bateragune auziari buruz 2018ko azaroan kaleratutako epaiari, eta, ondorioz, Gorenak berak 2012an ezarritako zigorrak baliogabetu ditu (ebazpena, 2020-7-27). Goreneko Bigarren salako hiru epaileek irmo diote Estrasburgoko auzitegiaren ebazpenak «lotesleak» direla. Fiskaltzak bat egin du irizpide horrekin, eta, gainera, helegiterik aurkezterik ez dagoenez, Bateragune auzia behin betiko itxi da.

Praktikan, auzia baliogabetzeko erabakiak ondorio mugatua du 2020ko uda honetan. Izan ere, Gorenak 2012an ezarritako espetxe zigorra osorik bete zuten bost kondenatuek, eta 31 urte egin zituzten preso: Sonia Jacintok, Arkaitz Rodriguezek eta Miren Zabaletak, seina urte, eta Otegik eta Diazek, ia sei eta erdi bakoitzak. Horrez gain, jardun publikoan aritzeko zortzi eta hamar urteko inhabilitazio zigorra ere jarri zieten. Haien artetik, Otegiri eta Diezi falta zitzaien betetzeko. Debeku hori 2021eko otsailean zen altxatzeko, baina atzoko epaiarekin bertan behera geratuko da. Otegik Eusko Legebiltzarrerako bozetara aurkezteko aukera izango zuen, baldin eta Urkulluk uztailaren 12ko data ezarri izan ez balu: berez, udaberrian zen egitekoa, baina pandemiaren eraginez atzeratu zen.

Sinbolikoki, ordea, garrantzia handia du Estrasburgoko Auzitegiak 2018ko azaroaren 6an kaleratutako epaia bere egin baitu Gorenak, eta, horrenbestez, onartu du Bateragune auziko lehen epaiketako epaimahaia ez zela inpartziala izan. Kontuan izan behar da 2012an Gorenak Auzitegi Nazionalaren ebazpena ia osorik bere egin zuela eta, horrenbestez, orain atzera egin behar izan duela. Estrasburgoko Auzitegiak aho batez ondorioztatu zuen epaimahaia partziala izan zela eta Europako Giza Eskubideen Ituneko 6.1 artikulua urratu egin zela.

«Ezin da zalantzan jarri»

Epai horren edukia ikusirik, Goreneko Bigarren Aretoko hiru magistratuek gogoratu dute 2010eko maiatzetik indarrean dagoen giza eskubideen itunari lotutako protokoloaren arabera, Espainiako ordenamendu juridikoan «lotesleak» direla Giza Eskubideen Auzitegiko ebazpen irmo guztiak. «Ez dago inolaz ere zalantzan jartzerik, eta hala berretsi du Goreneko Bigarren Aretoak beste ebazpen batzuetan». Izan ere, Estrasburgoko epaia etorri zenean, eskuineko ahots askok epai hura ez betetzeko eskaera egin zuten, baina epaileek argi diote, protokoloaren arabera, Espainiak konpromisoa hartua duela Estrasburgoko auzitegiaren epaiei «men egiteko».

Juridikoki gauzak hain argi egonagatik, 21 hilabete behar izan dira, Estrasburgoren erabakia ez baita automatikoki bete. Atzoko ebazpenak azaltzen duenez, Prozedura Kriminaleko Espainiako Legearen 954. artikuluak bide ematen dio defentsari auzia berraztertzeko eskaera egiteko, Estrasburgoko Auzitegiak ebatziz gero giza eskubideen oinarrizko eskubideak urratu direla.

Baldintza horiek bete arren, defentsak urrats guztiak egin behar izan ditu. Lehenik eta behin, Estrasburgoko epaia 2018ko azaroan kaleratu bazen ere, 2019ko otsailaren 6an egin zen ebazpena irmo. Ondoren, apirilean, defentsak baimena eskatu zuen auzia berraztertzeko baimena emateko. Irailean, fiskaltzak ontzat jo zuen eskaera hori, eta urriaren amaieran, azkenik, Gorenak berak oniritzia eman zion. Beraz, epaia kaleratu eta urtebetera, iazko azaroan, aurkeztu zuen defentsak eskaera.

Beste zortzi hilabete igaro behar izan dira behin betiko erabakia etortzeko. Magistratuak mugatzen dira berrestera eskaerak bete egiten dituela legearen baldintzak, eta hori ondorioztatuta, baliogabetu egiten du Gorenaren 2012ko ebazpena. Fiskaltzak bat egin du irizpide horrekin.

Hamarkada bat baino gehiago iraun duen atal bat itxi da modu horretan. 2009ko urriaren 13ko gauean hasi zen dena, Baltasar Garzon epaileak ezker abertzaleko hamar lagun atxilotzeko agindu zuenean, tartean Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodriguez. Oso une erabakigarrian egin zen polizia operazio hura, ezker abertzalean estrategia politikoa aldatzeko eztabaida hastear zenean. Garzonek Mahai Nazionala berreraikitzea eta ETAren esanetara aritzea leporatzen zien atxilotuei, baina Euskal Herrian estrategia politiko-militarrarekin amaitzeko prozesua oztopatzeko saiakera gisa ikusia izan zen operazio hura.

Auzitegiko bidea

Bateragune auzia-k kale egin zuen politikoki ezker abertzalea baldintzatzeko orduan, eta 2011ko urriaren 20an ETAk indarkeria behin betiko uzteko erabaki historikoa iragarri zuen. Alta, bi urte horietan, auziak aurrera jarraitu zuen eta urte hartako ekainean akusatuen aulkian eseri ziren zazpi auziperatu. Hain zuzen ere, epaiketa hartan, Angela Murillo epaimahaiburuak egindako adierazpenak eta azaldutako jarrerak erabakigarriak izan dira gerora auzia bertan behera utz zezan Estrasburgok. Hala ere, ordu hartan, Auzitegi Nazionalak bere egin zuen Garzonen tesia eta zortzi eta hamar urteko espetxe zigorrak ezarri zizkien Zabaletari, Jacintori, Rodriguez, Diez eta Otegiri. Azken bi horien kasuan, ETAko buruzagi izatea leporatu zien.

Gorenak, 2012ko maiatzean, Auzitegi Nazionalaren epaia berretsi zuen ia osorik, baina ETAko buruzagi izatearen akusazioa kendu zien Otegiri eta Diezi, eta guztiei «erakunde terroristako» kide izatea leporatu zien. Sei urte eta sei urte eta erdi arteko zigorrak ezarri eta epaia osorik bete zuten guztiek. Geroago, Auzitegi Konstituzionalak ere ontzat jo zuen epaia, eta bere hartan utzi. Espainiako justizia sistemaren bidea agortuta, Estrasburgora jo zuen defentsak.

Behin atal hori itxita, epilogoa geratzen da. Iaz, Goreneko hirugarren aretoak jurisprudentzia ezarri zuen, behin-behineko espetxealdia jasan eta gerora absolbitua izan direnek, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izan dezaten. Aurretik, defentsak azaldu du kalte-ordainak eskatzeko tramiteak egiteko asmoa. Orain,Gorenaren erabakia irmoa den honetan, beste bide horrek ekarriko duena jakitea falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.