EAJk eta EH Bilduk ordezkariak bidali dituzte Diadara, eta biek ala biek egin dituzte lore eskaintzak Rafael Casanova monumentuaren aurrean, Bartzelonan. EAJko senatari Luke Uribe-Etxebarriak «Euskadi eta Kataluniaren eskubidea» aldarrikatu du haien geroa erabakitzeko, «modu baketsuan, demokratikoan eta askean». Bi nazio horiek dituzten lotura historikoak gogora ekarri ditu jeltzaleak lore eskaintza egin eta gero, kazetarien aurrean.
«Europako bi herri gara, Europako bi nazio, eta aitortza eta errespetua galdegiten ditugu gure geroa erabakitzeko», esan du Uribe-Etxebarriak. EAJko senatariak «negoziazioa eta elkarrizketa» eskatu ditu hala Kataluniako nola Euskal Herriko gatazka politikoei aterabidea emateko. Amnistiaz ere galdetu diote kazetariek senatari jeltzaleari, eta Uribe-Etxebarriak haren alderdiaren «printzipioei» erreparatu die martxan den negoziazioaz aritzean: «Diskrezioa, konpromisoa, errespetua eta determinazioa».
EH Bilduk ere lore eskaintza egin du Diada egunean. Idurre Bideguren koalizio abertzaleko senatariak esan du Euskal Herria eta Katalunia «oso ondo elkar ulertzen duten herri bi» direla. «Herriari eta herritarren behar izanei erantzuteko modurik onena erabakitzeko eskubidea errespetatzea dela uste dugu», esan du Bidegurenek, Bartzelonan. «Argi dugu burujabetza gehiagorekin hobeto erantzungo zaiela herriaren behar izanei».
Horiek horrela, «ausardia» eskatu die Bidegurenek PSOEri eta Sumarri, Pedro Sanchezen inbestidurarako negoziazioetan. «Gobernatu nahi baldin badute, indar independentisten eskaerei erantzutea besterik ez dute, hala euskal herritarrei nola katalanei». EH Bilduko senatariaren arabera, «aukera historikoa» dago «indarrak batu eta agenda partekatua» adosteko, Euskal Herriko eta Kataluniako «gizarteei erantzuteko».
Edonola ere, koalizio subiranistako senatariak uste du «egungo markoa agortua» dagoela, eta «gainditu» egin behar dela. Erantsi du «plurinazionaltasuna aitortzeko» garaia heldu dela, eta «gatazka politikoen judizializazioa» amaitu behar dela, «estaturik gabeko nazioei ateak zabalduz, geroa erabaki ahal izan dezaten».
EH Bilduk «Kataluniako lagunekin» bat egiten duela azpimarratu du koalizioko senatariak, eta gogoratu du Diada «egun hunkigarria» izateaz gain «aldarrikapen eguna» ere badela.