«Oposizioaren oposizioa» izateari uzteko esan dio EH Bilduk Urkulluri

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Nerea Kortajarena legebiltzarkideari erantzun dio ea «hain kezka handia» eragiten ote dien Urkullu EAJko lehendakarigai izateko aukerak. Kortajarenak «egungo egoeraren diagnostiko zorrotz bat» egiteko eskatu dio Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran.

Nerea Kortajarena gaur, Eusko Legebiltzarrean. ENDIKA PORTILLO, FOKU
xabier martin
2023ko urriaren 6a
10:37
Entzun

EAJk eta EH Bilduk adierazpen gogorrak egin dizkiote elkarri Eusko Legebiltzarrean, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Nerea Kortajarena koalizioko bozeramailearen bidez. Laburra izan da bien arteko elkarrizketa: Kortajarenak lehendakariari egindako galdera baten harira sortu da, baina bien adierazpenek islatu dute alderdiak 2024ko hauteskundeetan buru-belarri sartuak direla jadanik.

Etxebizitzaren auzia, Osakidetzarena, zerbitzu pulbikoen gainbehera, pribatizazio prozesua.... «herritarren bizitzak zeharkatzen» ari den «egoeraren diagnostiko zintzoa eta zorrotza» egiteko eskatu dio Kortajarenak Urkulluri, eta «erantzun zehatzak» eskatu dizkio, «ez grebei buruz hitz egitea». EH Bilduko kideak, ordea, ez du lortu eskaera hori bete dadin, Urkulluk «kaleko asaldura» sustatzea egotzi baitio koalizio abertzaleari. Gizarte kohesioan eta zerbitzu pulbikoan EAE «munduko herrialde onenen artean» dagoela erantzun du lehendakariak, eta kolizioari eskatu dio «Euskadi beltzez marrazteari uzteko». Erantsi du EH Bilduk erabiltzen dituen datuak ez direla zorrotzak, haien «komenentziaren araberakoak» baizik.

Kortajarenak hartu du hitza jarraian, eta erantzun azkarra eman dio lehendakariari: «Ez da beharrezkoa EH Bilduk zuri-beltzez marraztea errealitatea. Zuk bakarrik egiten duzu hori». Gaineratu du gizarteak «gero eta argiago» ikusten dituela Jaurlaritzaren «kudeaketaren zuloak»: «Zuk asmatzen duzu zuzentzen duzunean».

EH Bilduko ganberako bozeramaileak esplikatu du ezen, Hezkuntza Legearen azken gertaeren harira, EAJk «emendatu» egin duela, «azken minutuan», urte askoan landutako funtsezko lege bat, «legegintzaldiko garrantzitsuena», eta galdegin dio «bertsio bat eta bakarra» emateko hizkuntza ereduen auziaren inguruko zuzenketaz eta hark dituen ondorioei buruz. Kudeaketa ikusita, Kortajarenak esan du gizarteak ez duela merezi «oposizioari oposizioa egiten dion gobernu bat». Eta bukatu du argituz Urkulluk baduela «beste modu bat puntuak irabazteko lehendakarigai gisa»; esan dio topatzeko modu hori, «ibilbide luzeko politikaria» dela.

Estrategia beraren A eta B aurpegiak

Hitza hartu bezain laster erantzun die akusazio horiei EAEko lehendakariak: galdetu du EH Bilduri «hain kezka handia» eragiten ote dion Urkullu bera EAJko lehendakarigai izateko aukerak. Koalizioari esan dio oso argi ikusten dela zein den haren estrategia, «aurtengo bi hauteskunde deialdietan» islatu baita: «Batzuek zarata ateratzen dute, eta zuek, etekina». EH Bilduri egotzi dio «asaldura» dagoela «txanponaren alde batean», eta bestean koalizioa dagoela, «A aurpegia».

Urkulluren arabera, errealitatearen datu objektiboak «gutxienekoak» dira EH Bildurentzat, «populismoa eta demagogia» ei delako koalizioaren bidea. Koalizio subiranistak «errealitatea desitxuratzeko beste eragile batzuen laguntza» duela erantsi du. «Kaleko mobilizazioak astintzea» da EH BIlduren estrategia, Urkulluren esanetan. «Herritarrei promesa faltsuak» egiten ari zaizkiela esan dio Kortajarena legebiltzarkideari, «etekin politikoengatik, hauteskundeak begi bistan» ei baititu EH Bilduk. Bukatu du esanez koalizioa dela estrategia beraren A aurpegia, «zuritua eta irekia», B aurpegiaren «asaldura» sustazen duen bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.