EUSKAL PRESOAK

«Salbuespenezko espetxe politika» eteteko eskatu diote hamar talde politikok Madrili

Ohar bateratu batean, adierazi dute Igor Gonzalez Sola presoaren gisako heriotzak ezin direla berriro gertatu.

"Haserre gaua" egin zuten lrunbatean, Gonzalez Solaren heriotzaren aurka protesta egiteko. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2020ko irailaren 15a
16:44
Entzun

Espainiako Kongresuan 38 diputatu eta Senatuan 34 senatari dituzten hamar talde politikok adierazpen bateratu bat argitaratu dute Igor Gonzalez Sola euskal presoaren heriotza dela eta. Horretan, Espainiako Gobernuari eskatu diote amaitzeko «oraindik euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika», eta horren ordez ezar dezala «garai berrira egokitutako espetxe legeria: euskal presoen eskubideekiko errespetuzkoa izango dena, urruntzea amaituko duena eta horiek euskal espetxeetara lekualdatuko dituena, eta helburuotan oinarrituko dena: normalizazioan, baketzean eta euskal gizarteak eskatzen duen bizikidetzaren eraikuntzan».

EAJk, EH Bilduk, Geroa Baik, ERCk, Junts Per Catalunyak, Mas Paisek, BNGk, Compromisek, Mes per Mallorcak eta CUPek izenpetu dute adierazpena. Gogorarazi dutenez, ohiko espetxe legeriari jarraituz, Gonzalez Solak kalean behar zuen aurtengo martxoaz geroztik, beteak zituelako zigorraren hiru laurdenak.

Gaineratu dute presoa gaixo eta tratamenduan zegoela, eta, beraz, tratamendu hori kartzelatik kanpo jasotzeko aukera izan behar zuela: «Askatasunez gabetutako pertsonen bizitza zaintzeko betebeharra dauka estatuak, eta hori ez da bete kasu honetan. Presoaren eskubideen urratze horiek eragin dute espetxean hiltzera, eta, beraz, uste dugu ez direla hartu behar ziren neurri guztiak Gonzalezen heriotza eragozteko». Erantsi dute horrelakorik ezin dela berriro gertatu.

Hilaren 4an hil zen Gonzalez Sola, Martuteneko kartzelan. 47 urte zituen, eta hamabost urte zeramatzan kartzelan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.