Larragorri zentral eolikoak Jaurlaritzaren aurretiko baimen administratiboa eskuratu du

Green Capital enpresa sustatzaileak hamabost hilabete izango ditu orain eraikitzeko baimena eskatzeko. Parke eolikoak Laudioko, Amurrioko eta Orozkoko lur eremuak hartuko ditu, eta 25 megawatt ekoizteko ahala izango du.

Aerosorgailu batzuk, Elgea mendilerroan.
Aerosorgailu batzuk, Elgea mendilerroan. JOAN CARLOS RUIZ / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 12a
11:12
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzak aurretiko baimen administratiboa onartu dio Larragorri proiektu eolikoari. Egitasmoak bost aerosorgailu eraikitzea aurreikusten du Laudioko (Araba), Amurrioko (Araba) eta Orozkoko (Bizkaia) lur eremuetan. Aerosorgailu bakoitzak bost megawatteko potentzia izango du, eta, beraz, instalazioak 25 MW ekoizteko ahalmena izango du orotara. Green Capital Development enpresa da zentral eolikoaren sustatzailea.

Baimena EAEko aldizkari ofizialean argitaratu da gaur, eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna saileko Deskarbonizazio zuzendari Guillermo Allendek sinatu du.

Aldeko ebazpenari esker, Green Capitalek aukera izango du orain azpiegitura eraikitzeko baimen administratiboa eskatzeko. Hamabost hilabeteko epea izango du horretarako. Lanak hasteko, berriz, bi urte izango ditu.

Parke eolikoa eraiki ahal izateko, proiektuak bete egin beharko ditu Jaurlaritzak ingurumen eraginari buruzko adierazpenean ezarri zizkion baldintzak; besteak beste, azpiegitura ezarri asmo duten eremuan habia egiten duten hegaztiak —miru gorria, sai arrea eta sai zuria— babesteko neurriak.

Enpresak proiektuarekin aurrera egingo balu, eta eraikitzeko baimen administratiboa eskuratuko balu, Jaurlaritzak 2006tik baimendutako hirugarren azpiegitura eolikoa litzateke. Azazetako parke eolikoak eraikitzen hasteko baimena eskuratu zuen 2023an, eta Labrazakoak eraikitzekoa ere lortu zuen iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.