"Nik ez dut zalantzarik Gipuzkoarako hautagai oso ona izango dugula, EH Bilduk hautagai oso ona aurkeztuko duela eta ahaldun nagusi bikaina izango dela, baina ez naiz ni izango". Hala mintzatu da Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Bide Azpiegituretako diputatua, Euskadi Irratian eginiko elkarrizketan.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarria du ez dela hautagai izango karguan jarraitzeko. Datorren urteko maiatzean foru eta udal hauteskundeak izanda, izen-dantza hasi da beraz, diputazioan den alderdiaren hautagaia zein izango den jakiteko.
Informazio ugariren arabera, Ugarte zen hautagai posibleetako bat, baina hark gaur baztertu du bere burua lehia horretatik. Helena Franco Ogasun diputatuaren izena ere aipatu izan da, baina aukera hori ukatu zuen Francok berak BERRIAk eginiko elkarrizketan.