Bihar hasiko da Egunkaria-ren itxierari buruzko epaiketa Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta gaur Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga auzipetuek datorren larunbatean Bilboko manifestazioan parte hartzeko dei egin diete herritarrei. 17:00etan hasiko da mobilizazioa, Aita Donostia plazan, Egunkaria libre! lelopean.
“Duela ia zazpi urte bezala, 2003ko otsailaren 22an bezala, orduko oroitzapenaren izenean ozen dei egiten diogu euskal gizarteari, orduan bezala erantzun dezan. Orduko erasoak bere horretan jarraitzen duelako, bihar hasiko den epaiketa, ordukoaren hari luzea delako”, adierazi dute bostek Andoainen Martin Ugalde Kultur Parkean eguerdian egindako agerraldian.
ETAko kide izatea egotzita epaituko dituzte Torrealdai, Uria, Auzmendi, Otamendi eta Oleaga, eta absoluzioa eskatu dute berriro. “Noiz bukatuko den ez dakigun epaiketaren emaitza baikor bakarra absoluzioa izan behar da. Absoluzioa gutariko bakoitzarentzat eta denontzat, absoluzioa Egunkaria-rentzat. Ez dugu beste emaririk ontzat emango”.
Fiskalak, defentsak bezala, auzia ixteko eskatu zuen, baina epaimahaiak uztailaren 30ean erabaki zuen epaiketa egitea. Dignidad y Justicia eta AVT dira herri akusazioak, eta eurek egin dituzte zigor eskaerak.
Joan Mari Torrealdai. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa eskatu dute haren aurka.
Iñaki Uria. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Txema Auzmendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Martxelo Otamendi. 14 urteko espetxealdia eta 15 urteko inhabilitazioa.
Xabier Oleaga. 12 urteko espetxealdia eta 14 urteko inhabilitazioa (14 urte, AVTren eskaeran).
Deliturik ez dutela egin berretsi dute bostek. “Burua goian daramagula goaz”, esan dute. “Burua goian euskararen alde, euskal kazetalgintzaren alde, euskal kulturaren alde, Euskal Herriaren alde, egindakoaz harro gaudelako, horregatik duela zazpi urte atxilotu eta bihartik aurrera epaitu nahi bagaituzte ere”.
Jendeak urteotan emandako babesa eskertu dute berriz ere. “Orain arte eman digun babes guztia gabe ez ginatekeen, ez gu eta ez gure familiak, burua altxata joango, goazen bezala, epaileen eta akusatzaileen aurrera”.
=b2003ko otsailaren 20an itxi zuten 'Egunkaria'=b
2003ko otsailaren 20an, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, Guardia Zibilak Egunkaria euskarazko egunkariaren egoitzak itxi eta hamar lagun atxilotu zituen: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi, Pello Zubiria, Xabier Oleaga, Xabier Alegria, Fermin Lazkano, Luis Goia (2006an hil zen), eta Inma Gomila.
Uriak, Oleagak, Otamendik, Alegriak eta Auzmendik torturak eta tratu txarrak jaso zituztela salatu zuten epailearen aurrean. Seiek jarri zuten salaketa, eta guztiak artxibatuta daude.
egunKARIA AUZIA. Egun 1 falta da epaiketarako
Larunbatean Bilboko manifestaziora joateko dei egin dute auzipetuek, epaiketaren bezperan
17:00etan hasiko da mobilizazioa, Aita Donostia plazatik. Absoluzioa eskatu dute berriro gaur Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleagak, eta Espainiako Auzitegi Nazionalera “burua goian” dutela doazela azpimarratu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu