Amnistiaren Aldemo Mugimenduak Gernikako Akordioak larunbaterako Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egin du, eta parte hatzera gonbidatu du. Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain! leloa izango du manifestazioak, eta 17:30ean aterako da Casilla pabiloitik. "Errepresioaren aldeko hautua egiten jarraitzen du PSOEren gobernuak, prozesu demokratikoaren aurrean gatazkaren, errepresioaren eta bortxaren alde eginez", dio AAMren oharrak. Milaka euskal herritarri boto eskubidea ukatu nahi zaiela salatu du AAMak, eta prozesu demokratikoan herritarrek parte-hartze aktiboa izan behar dutela aldarriaktu du. "Eskubide demokratikoen aldarrikapena gizarte eremu guztietan zabaldu behar dugu".
Gernikako Akordioa sinatu zuten hainbat gazte erakundeek ere legalizazioa eskatu dute. Alternatiba Gazteak, Ikasle Abertzaleak, Gazte Independentistak, Gazte Abertzaleak eta GaztEHerri erakundeak ohar bateratu batean adierazi dute gazteek denbora gehiagi daramatela oinarrizko eskubideak urratzen diren egoera batean bizitzen. "Auzitegi Gorenak proiektu politiko berri bat ilegalizatzeko erabakia hartu du beste behin ere, modu honetan euskal gizarteari eta gazteriari bere bozka askatasun osoz adierazteko eskubide ukatuz". Gainera, Irati Tobar gogoan izan dute, eta, elkartasuna adierazteaz gain, atxiloketa salatu dute.