Lasarteko alkateak «desagerrarazi» egingo dutela dioen gutun bat jaso du

Uztailaren 28an jaso zuen mehatxu gutuna; Gipuzkoako helbide faltsu bat ageri da, eta Madrilgo zigilua dauka

Pablo Barrio alkatea, Lasarteko Bilduko kideekin batera, atzo. Mehatxu gutuna dauka eskuan. J.C. RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Lasarte
2011ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
«Une jakin batean, topatu dituzuen besaulkietatik bota eta desagerraraziko zaituztegu», hala dio Pablo Barrio Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) alkateak jasotako gutunak. Eskutitza uztailaren 28an jaso zuela jakinarazi zuen atzo Lasarteko Bilduk, udaletxean eginiko agerraldian. Gutunean ageri diren hitzak salatu dituzte, eta horien mehatxuzko doinua eta agertzen dituen asmoak oso larritzat jo dituzte.

Gutuna posta arruntez jasodute, eta, azaldu dutenez, izen- abizenez sinatua dago; Gipuzkoako helbide bat ageri da, baina helbidea faltsua dela argitu dute, eta, beraz, sinatzailea ere faltsua izango dela uste dute. Eskutitzak Madrilgo zigilua duela gaineratu dute.

Bestalde, gutuna alkateari zuzenduta egon arren, «Bilduren eta kalean zein instituzioetan politika ezkertiar eta aurrerakoiaren hautua hartu duen edonoren kontrakoa» dela uste du Bilduk. Horren aurrean, «herritar orok bezala» politika egiteko eskubidea dutela ohartarazi dute. «Hauteskundeen emaitzek erakutsi dute jendarteak ere horrela pentsatzen duela», argudiatu dute.

Gutunaren arabera, «gizaki zoro eta piztiak» dira Bilduko kideak. Horren aurrean, euren nahia oso argia dela azaldu dute Bilduko kideek: «Herri politika sozial, ezkertiar eta soberanista egin nahi dugu, herritar ororen eskubideak bermatuz. Euskal Herri ezkertiar eta independente bat eraikitze bidean lan egingo dugu; gobernuan egon ala ez, hori izango da gure lana».

«Zuek ez zarete pertsonak, gorrotoz betetako piztiak zarete. Deuseztatu beharrezko piztiak zarete, ez baitaukazue ezer positiboa kudeatzeko adina adimen, terrorismoa da egiten duzuen gauza bakarra», dio eskutitzaren beste pasarte batek. Bukaeran, berriz, honakoa irakur daiteke: «Unea iristen denean, zuek ere espainiar gisa hilko zarete, gure nazka eta mespretxuarekin. Gora Espainia! Gora Baskongada beti espainiarrak! ETAri metraileta!».

Mehatxuak mehatxu, lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute Bilduko kideek: «Hauteskundeetara politika egiteko aurkeztu ginen. Pauso asko eman ditugu hemen egoteko, eta ilusioz eginiko bide honen lehen eta azken urratsak ez dituzte horrelako gutunek oztopatuko».

Inolako lotsarik eta beldurrik ez dutela azaldu dute, eta gertakari horren aurrean irmotasuna adierazi dute: «Gauzak beste era batera egin daitezkeela sinesten dugulako».

Xirimiri elkarteari eraso

Lasarteko Xirimiri elkarteak azken hilabetean erasoak jasan dituela salatu du, bestalde. Hango kideek jakinarazi dutenez, uztailaren 3an gertatu zen lehen erasoa: goizaldean ezezagun batzuk hondakinez betetako zabor poltsa bat hustu eta elkarteko atarian su eman zioten. Une horretan elkarteko kide bat barruan zegoela jakinarazi du elkarteak, eta suteak kalteak eragin zituela atarian. Bi egun geroago atarian zituzten ikurrak lapurtu zizkietela ere salatu dute.

Azken erasoa hilaren 27an gertatu zen, «kalte material eta ekonomiko larriak eraginez». Gauez, elkarteko atea apurtu eta lapurreta egin zuten, elkartearen arabera, barrualdea «erabat nahasiz eta hondatuz».

Elkarteak eraso horiek «tamalgarriak eta onartezinak» direla uste du, eta gogor salatu ditu. Hala ere, lasaitasun mezua helarazi diete Lasarte-Oriako herritarrei: «Horrelako ekintzek ez dute Xirimiriren lana oztopatuko, eta herriarekin, herriaren alde lanean jarraituko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.