Lehen mugimenduak egiten hasi da Osakidetza. Oposizioetako edukiak filtratu direla salatu eta egun gutxira, Osakidetzak jakinarazi du eten egingo dituela susmopean dauden lau espezialitatetako lan eskaintzak, kontua argitu bitartean. Gainerako espezialitateetan ez dute oraingoz espedienterik zabaldu, eta beste probak aurreikusi bezala egingo dituzte.
Hiru espezialitatetako hautaprobak eten zirela adierazi zuen Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak, atzo, agerraldi batean. Andoni Artzelai Zerbitzu Medikoko zuzendariarekin batera azaldu zen hedabideen aurrean, hartutako erabakiaren berri emateko. Azaldu zuten Osakidetzak informazio espedientea ireki duela anestesiako, kardiologiako eta angiologia eta kirurgia baskularreko espezialitateetan, eta hautaketa prozesuek ez dutela aurrera egingo espediente horiek argitu arte. Osakidetzak laugarren espezialitate bateko lan eskaintza publikoa ere geldiarazi zuela jakinarazi zuen Mujikak berak, bart, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Kirurgia plastikoko hauta proba etetea erabaki du.
Medikuen Euskal Sindikatuaren arabera, horiek ez dira iruzurrak izan diren arlo bakarrak, eta beste zortzitan ere salatu dituzte irregulartasunak. Osakidetzak oraindik horien gaineko neurririk hartu ez badu ere, Mujikak ez du baztertu espezialitate gehiagotan ere espedienteak irekitzea, azterketetako emaitzak zalantzan jartzeko moduko zantzuak daudela ebatziko balute. Hori argitzeko, Osakidetzak "informazio zehatza" eskatu die 67 espezialitatetako azterketen epaimahaiei. Horrez gain, Osakidetzak kanpoko aditu bati eskatuko dio azterketa estatistiko bat egiteko, proben emaitzen inguruan.
Datozen asteburuetarako aurreikusita dauden azterketei dagokienez, argitu dute normaltasunez egingo direla; izan ere, orain arteko salaketak jada egin diren hamabi espezialitateri dagozkie. "Inork ez ditu zalantzan jarri 74 kategorietako ariketak; beraz, datozen asteburuetarako aurreikusitako azterketak egin egingo dira, espero bezala", argudiatu du Mujikak.
Erantzun irmoa
ELA, LAB eta ESK sindikatuak ez daude pozik Osakidetzak hartutako erabakiarekin. Adierazi dutenez, motz geratu dira, eta susmopean dauden beste zortzi arloetako probak ere etetea galdegin dute. Horrez gain, auzia fiskaltzaren aurrean salatu dute.
LABek jakinarazi du gaur bertan elkartuko direla fiskaltzarekin, eta "antzemandako irregulartasun oro" helaraziko diotela. Sindikatuak ohar baten bidez adierazi du erabaki hori hartzeko arrazoia: "Hauek ez dira une jakin bateko irregulartasunak, mediku espezialisten artean guztiz normalizatuta zeuden jokamoldeak baizik".
LAB ez da justiziarengana jo duen sindikatu bakarra; gauza bera zuen ELAk asteartean. ESK sindikatuak, berriz, begi onez ikusi du Osakidetzak hartutako erabakia. Hori bai, Maria Jesus Mujikari eta Jon Darpon osasun sailburuari dimisioa aurkezteko eskatu die.
Alderdi politikoek ere adierazi dituzte oposizioen auziari buruz dituzten iritziak. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, sindikatuek bezala, susmopean dauden espezialitate guztietako enplegu publikoko eskaintzak geldiaraztea galdegin dute.
"Akusazioak oso larriak dira; iruzur zantzu serioak daude, eta herritar asko izan daitezke kaltea jasan dutenak", adierazi du EH Bilduk, ohar baten bidez. "Susmoaren orbana ez dago soilik Osakidetzak geldiarazi dituen hiru espezialitateetan —ez zuten kirurgia plastikoko hautaprobaren etenaren berri—; hamabi dira susmopean daudenak, eta horregatik eskatzen diogu horietan guztietan oposizioak geldiarazi ditzan".
Elkarrekin Podemosek gauza bera eskatu dio Osakidetzari, nahiz eta eskertu egin duen hartutako lehen erabakia. "Oso susmagarria da dena", salatu du Cristina Makazaga parlamentariak, eta gardentasuna, demokrazia eta parte hartze handiagoa eskatu ditu.
PPko ordezkari Laura Garrido ere mintzatu da filtrazioen auziaz: "Badirudi ez direla kasu bakanak izan". Horrez gain, nabarmendu du "frustrazio handia" eragin diela hautaprobetan izena eman zuten 90.000 lagunei. Oraingoz ez dute neurri zorrotzagorik eskatu, baina Garridok adierazi du espezialitate horietan ezarritako neurria gainontzeko espezialitateetan ere ezar litekeela.
PSE-EEko idazkari nagusi Idoia Mendiak ere eman du iritzia. Abiarazitako espedienteak "kontua argitzeko" balioko duen itxaropena du; izan ere, haren ustez, "oso zorrotz" jokatu behar da halako kasuekin.
Dimisioa berriz pentsatu du
Arabako unibertsitate ospitaleko Angel Loma-Osorio kardiologoak dimisioa aurkeztu du, oposizioetako filtrazioen auziaren harira. Izan ere, Loma-Osorio kardiologiako espezialitateko epaimahaikide zen, eta dimisioa aurkeztu du arlo horretan antzemandako irregulartasunen ondorioz.
Geroago, ordea, ohar bat argitaratu du Loma-Osoriok berak, goizean hartutako erabakia berriz pentsatzeko intentzioa azalduz. Ohar horren bidez gogorarazi du boto partikularra eman zuela 2016-2017ko lan eskaintza publikoko azterketetan, eta filtrazioak zeudelako susmoak azaldu zituela.
Hala eta guztiz ere, konfiantza osoa eman dio Osakidetzak irekitako espedienteari; adierazi duenez, espero du "prozesu horren irregulartasun oro argitzea".
Azkenik, jakinarazi du Osakidetzak abiatutako prozesuak "dimisioa aurkezteko erabakia berriz pentsatzera" bultzatu duela, eta esan du prest dagoela berriro ere epaimahaiaren parte izateko.
Joan den astean lehertu zen Osakidetzako oposizioetako iruzurren auzia. Azterketetako noten arteko desberdintasun nabarmenak ikusita, sindikatuek irregulartasunak salatu zituzten; filtrazioak egon direla ondorioztatu dute.
"Gauza jakina da Osakidetzan: arduradunek erabakitzen dute postuak nori eman, eta horren arabera jartzen dituzte notak", adierazi zioten hainbat medikuk BERRIAri duela egun gutxi. Aitortu zutenez, sistema hori "urteetan" dago indarrean, eta isiltasuna du indargune: inork ez du ezer esaten, "beldurragatik".