Asteburu honetan ere handitu dira genero indarkeriarekin lotutako datuak. Lau gizonezko atxilotu dituzte bikotekideari tratu txarrak ematea leporatuta; Gasteizen antxilotu dituzte hiru gizon, eta Bilbon beste bat.
Lehendabiziko atxiloketa iragan larunbat iluntzean jazo zen, Gasteizko Legutianoko atea kalean. Telefono dei baten bidez izan zuten ertzainek jazoeraren berri, eta, hara iritsi zirenean, hainbat lagunen artean lurrean jazarrarazita zeukaten gizon bat aurkitu zuten. Emakume batek esplikatu zuen gizon hura senarra zuela eta haren tratu txarrak jasan zituela; biek, andre-gizonak, biolentzia zantzuak zituzten, eta Andrea Santiago erietxera eraman zituzten, han arta zitzaten. Gizona, 45 urtekoa, atxilotu egin zuten.
Beste gizona, bigarrena, igande goizean atxilotu zuten, Larrugile kalean. Udaltzainek telefono dei bat jaso zuten; andre batek poliziei azaldu zien bikotekide ohiak jo egin zuela, eta berehala agertzeko. Emakumea Andrea Santiago erietxera eraman zuten, eta gizona, berriz, atxilotu egin zuten. Urruntze agindua zuen gizonak, baina apurtu egin zuen. Itxura denez, bikotekideak berak onartuta hurbildu zen gizona.
Gasteizko hirugarren atxiloketa Urkiola Mendatearen kalean gertatu zen igande arratsaldean. Emakume batek salatu zuen gizonak eraso egin ziola; seme-alabekin zegoela azaldu zuen, eta senarrak erasoa geratuko ez zuen beldur zelako hots egin zuela. Beste batzuetan ere antzeko erasoak jasan izan ohi dituela azaldu zuen. Poliziek berehala atxilotu zuten ustezko erasotzailea, 38 urteko gizona. Hark ukatu egin du erasoa; andrearekin eztabaida handia izan zuela onartu du, baina esan du ez zuela jo.
Azken atxiloketa igande goizaldean jazo zen, Bilbon. 52 urteko gizon bat atxilotu zuten, eta bikotekidea eta alaba bat jotzea leporatzen diote.
Harremanaren hasieratik
Donostian, berriz, urtebete eta bederatzi hilabeteko zigorra ezarri diote gizon bati, neska-lagun zuenari jazarri eta jotzeagatik harremanaren hasiera-hasieratik.Epaiketan, biktimak agerian utzi ditu emandako tratu txarren hainbat adibide: buruarekin aurpegian kolpeak eman izan ohi zizkion, sarri mehatxatzen zuen, lurrera bota ohi zuen... Emakumeak bikote harremana eten nahi izan zuen batean, esate baterako, bortitz erantzun zion gizonak, eta Poliziari hots egin behar izan zion. Epaiketan, gizonak ontzat jo zuen fiskalaren zigor eskaria. Bost urtean galarazita izango du biktimarengana hurbiltzea edo harekin harremanetan jartzea.
Lau gizonezko atxilo hartu dituzte bikotekideari tratu txarrak ematea leporatuta
Gasteizen hiru gizon atxilotu dituzte, eta Bilbon bat; horri bikotekideari eta alabari erasotzea egozten diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu