torTURA

Lau guardia zibil zigortu ditu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Portu eta Sarasola torturatzeagatik

Frogatutzat eman du ETAko bi kideei tratu txar larriak eman zizkietela. Lau urte eta erdiko espetxea ezarri dio guardia zibiletako bati; bi eta erdikoa beste bati, eta bi urtekoa gainerako biei. Beste 11 guardia zibil absolbitu egin ditu.

2010eko abenduaren 30a
16:41
Entzun
Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzea leporatuta, lau guardia zibil zigortu ditu Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Juan Jesus Casas Garcia, Jose Manuel Escamilla Martin, Sergio Martinez Tome eta Sergio Garcia Andrade dira zigortuak. Atxiloketetan parte hartu zuen guardia zibilen kontroleko sarjentuari lau urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamasei urteko inhabilitazioa ezarri diote: Casas Garciari. Portu atxilotu zuena, berriz, bi urte eta erdirako joango da kartzelara eta zortzi urterako inhabilitatu dute: Escamilla Martin. Beste biei -Sarasola atxilotu zutenei-, bi urteko kartzela ezarri eta zortzi urteko inhabilitazioa jarri diete.

Gainontzeko 11 akusatuentzat ez da zigorrik izan. Epaileek frogatutzat eman dute Portuk eta Sarasolak torturak jasan zituzela. Horretarako, garratzitsua iruditu zaizkie ospitaleko erizain batek eta Arrasateko testigu batek emandako testigantzak. ETAkoak izateagatik ez dutela sinisgarritasuna galdu ere badio auzitegiak.

Casas eta Escamillasek, modu zuzenean eta solidarioan, 18.000 euro eman beharko dizkio bakoitzak Porturi. Sarasolari, berriz, Garcia Andrade, Martinez Tome eta Casasek 6.000 euro eman beharko dizkiote.

Urriaren amaieran izan zen epaiketa

Urriaren 25etik 28ra artean izan zen epaiketa, Donostiako Probintzia Auzitegian, eta, epaiketa amaitzerako, fiskalak ere frogatutzat eman zuen bi atxilotuak torturatu egin zituztela. "Guardia zibilek eman duten bertsioa, gertagarria edo sinesgarria izan ezik, beste edozer izan daiteke". "Eraso etengabea, nahita egina, erabakigarria eta alde batekoa izan zen [guardia zibilen aldetik Igor Portu eta Mattin Sarasolarengana]". Gipuzkoako fiskalburuak esan zuen, epaiketako azken egunean, Portu eta Sarasolaren torturei buruzko epaiketan. "Auzipetuek ez dute egia esan", esan zuen, auzipetutako hamabost guardia zibilen aurrean.

Epaiketan, guardia zibilek torturatu egin zituztela berretsi zuten Portuk eta Sarasolak. Aldiz, poliziek esan zuten bi haien lesioak atxiloaldian gertatu zirela, ihes egiten saiatu zirelakoan. Auzitegi medikuek erabat gezurtatu zuten guardia zibilen bertsioa.

2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituen Guardia Zibilak Portu eta Sarasola, Arrasaten, ETAkoak zirelakoan. Portu biharamunean Donostiako erietxera eraman zuten, kolpeak zituela, hiru saihets puskatuta eta birika zulatuta. Biek jarri zituzten tortura salaketak. Hamabost guardia zibil zeuden auzipetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.