Lau kilometro inguru izango ditu aurten ekainaren 19an izango den Araba Euskaraz jaiak, eta funtsean “hiri ibilbidea” izango dela aurreratu dute antolatzaileek gaur. Ibilbideak lau gune izango ditu. Lehena hiribilduan egongo da, herriko plazatik gertu, bigarrena parkean, hirugarrena Ugarte auzoan eta azkena Ellakuriko zelaietan.
Batez ere familiei zuzendutako jaia izan nahi du aurtengo Araba Euskaraz jaiak, eta lehen hiru guneetan ekimen eskaintza zabala izango da. Laugarren gunea kontzertuetarako zuzenduta egongo da, aurreko hiru guneetan ere zuzeneko musika egongo bada ere. Txapelpunk, Ze esatek! eta Governors taldeek joko dute azken gunean, besteak beste.
Aurtengo aldiaren leloa Izan direlako gara, garelako izango dira da. 40. urteurrena du Laudio Ikastolak aurten, eta urte horietan ikastola aurrera eramaten lan egin dutenei omenaldia egin nahi izan diete lelo horren bitartez.