Lau hilabete dira ofizialki lehen kutsatua agertu zela

Atzo, hamabi pertsonak eman zuten positibo PCR proban.

Jendea maskara jantzita paseoan, Donostian. JON URBE / FOKU
mikel p ansa
2020ko ekainaren 29a
11:11
Entzun

Atzo duela lau hilabete, hots, otsailaren 28an agertu ziren koronabirusarekin ofizialki kutsatutako aurreneko gaixoak Euskal Herrian. Harrezkero, COVID-19ak 2.150 gaixo hil ditu. Gaitzak ez du leku guztietan eragin bera izan, eta horren seinale dira herriz herri hildakoen kopuruak. Lau hilabeteotan, Bilbon 356 gaixo hil dira koronabirusaren eraginez, eta Gasteizen, 318; askoz eragin txikiagoa izan du Donostian (73 hildako). Nafarroako Gobernuak ez du jakinarazten herri bakoitzean zenbat gaixo hil diren.

Hiriburuen atzetik, Bizkaiko herri asko datoz: Barakaldo (90), Basauri (70), Getxo (40), Galdakao (32), Santurtzi (31), Sestao (30), Erandio (21), Ermua (21), Balmaseda (18), Zornotza (18), Loiu (17), Durango (16), Bermeo (15), Portugalete (15), Leioa (14), Sopuerta (13), Arrigorriaga (12). Hamar heriotza baino gutxiago izan dituzte gainerako herrietan. Gipuzkoan, askoz herri gutxiago iritsi dira zenbaki horietara: Arrasate (37), Eibar (24), Ordizia (24), Zarautz (23), Tolosa (20), Zumarraga (15) eta Irun (15). Araban, herri bakarrak ditu kopuru horiek, Agurainek (14 heriotza).

Atzo emandako datuen arabera, azkeneko orduetan ez da inor hil, eta PCR probetan atzemandako gaixoen kopuruak ere apal jarraitu du: hamabi kasu positibo berri. Horietatik gehienak (bederatzi) Nafarroan detektatu dituzte; bi, Bizkaian; eta bat, Gipuzkoan. Kutsatze kateen egoerari buruz ez da informazio berririk. Ospitaleetan gaixo bakarra sartu dute, eta ZIUetan atzo bezala jarraitzen dute, zazpi gaixorekin.

Asteko bilakaerari erreparatzen baldin bazaio, Gasteizen agertu dira kasu positibo berri gehien azkeneko zazpi egunetan: hamalau. Bilbon sei atzeman dituzte, eta Donostian, bost (Amara Berriko osasun eremuan gehienak). Altzon hiru kasu agertu dira, eta Irunen beste hiru (Gipuzkoan). Bestela, kasu bakanak agertu dira herri solte batzuetan. Heriotza kopurua ere asko gutxitzen ari da: aste honetan zortzi gaixo hil dira; aurreko astean, hamasei izan ziren; aurrekoan, 27; eta horren aurrekoan, ekaineko aurreneko astean, 33.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.