Lau hilabete zorretan

Zortzi hilabete baino gutxiago behar izan dira munduak iraunkortasunez sor ditzakeen baliabide naturalak bukatzeko; hemendik aurrera, gehiegi ustiatuko dira baliabideak, eta karbonoa pilatuko da atmosferan.

Lohizune Amatria.
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Defizit ekologikoan dago mundua. Bukatuak dira munduak era iraunkorrean sor ditzakeen baliabideak. Amaitu da 2012. urterako munduak zeukan aurrekontu ekologikoa, eta zortzi hilabete baino gutxiago behar izan dira horretarako. Aste honetan izan da: abuztuaren 22an, zehazki. Iaz baino hilabete lehenago. Hemendik aurrera, kontsumoak kutsatu baino ez du egingo.

Planetarekin eta ondorengo belaunaldiekin zorretan biziko da gizadia defizit ekologikoaren ondorioz, baliabide naturalak gehiegi ustiatuz eta atmosferan karbonoa pilatuz. Izan ere, asteazkenaz geroztik, munduaren aztarna ekologikoa munduaren biogaitasuna baino handiagoa da. Garapen iraunkorrari eusteko, munduan erabili eta kutsa daitekeen lur eremua baino gehiago behar da erabiltzen diren baliabide guztiak ekoizteko eta sortzen diren hondakinak irensteko.

Global Footprint Network etaNEF New Economics Foundation erakundeen azken datuak dira. Haien arabera, planetaren biogaitasuna baino %56 gehiago kontsumitzen da. Planeta bat eta erdi beharko litzateke egungo kontsumoari era iraunkorrean eusteko, eta lurrak urte eta erdi beharko luke urtean munduan kontsumitzen diren baliabideak sortzeko. Gaur egungo kontsumo era da, adituen ustez, arazoa. Kontsumoak, ekologian ez ezik, ekonomian ere baduelako eragina. «Planetaren muga ekologikoen gainetik bizitzea ez da doakoa», adierazi du Aniol Esteban NEF erakundeko Ingurumen Ekonomiako arduradunak. «Uholdeak eta lehorteak areagotzen ditu aldaketa klimatikoak, eta ekosistemen egonkortasunik ezak eta petrolioaren, elikagaien eta metalen urritasunak igo egiten ditu prezioak. Horrek guztiak kostu ekonomiko handia du, gure ekonomiak jasan ezingo duen kostu bat».

Eredu bidezko eta iraunkorra

Konponbidea badela sinesten dute, baina. Sistema ekonomikoa aldatzea planteatzen dute ekologistek azkenaldian. Estebanen ustez, eredu ekonomiko «bidezko eta iraunkor batean» dago krisia konpontzeko bidea. Horregatik, gizakien ongizatea handitzen duen eredu bat eskatu du kapitala handitu beharrean. «Egonkortasun ekologikorik gabe, ez dago egonkortasun ekonomikorik». Sistema ekonomikoak benetako ekologia eta gizartea kontuan hartu behar dituela uste du: «Ongi kudeatzen badira, elikagai, lan eta irabazi ekonomikoen iturri amaiezin izan daitezke baliabide natural berriztagarriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.