Lau ikasletik bat galdu dutela ohartarazi dute itunpeko euskaltegiek

Behin-behineko datuekin kezka agertu dute euskaltegiek, eta uste dute hizkuntz politika okerragatik eta krisiagatik izan dela jaitsieraJaurlaritza behin betiko zenbakien esperoan dago; «malgutasuna» nahi dute euskaltegiek

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Larrialdi deia jo dute itunpeko euskaltegiek: izen emateak laurdena inguru erori dira, orain arte dauzkaten datuen arabera. Egun batzuk falta dira oraindik matrikulazio kanpaina ixteko, eta espero dute azken egunetan jendea joatea izena ematera. «Baina azken uneko matrikulazio horiek ez dute inondik inora ere ekarriko aurreko kopuruetara iristea», ohartarazi du Mertxe Mugikak, AEK-ko koordinatzaile nagusiak. Eusko Jaurlaritzarekin bilera egin zuten atzo, zer egin aztertzeko. «Malgutasuna» nahi dute euskaltegiek, irizpideak leuntzea. «Oraintxe, iazko taldeen erdiak-edo daude abiatzeko moduan», azaldu du Mugikak. Krisiari eta hizkuntz politika okerrari egotzi diote jaitsiera. Datuak aztertzeko denbora eskatu die Jaurlaritzak.

Jaitsiera espero zuten euskaltegiek, bai itunpekoek bai publikoek. Ahalik eta txikiena izateko helburuz hasi zuten kanpaina. Izatez, ez da oraingo arazoa soilik matrikulazioen kopurua jaistea; iaz ere egin zuen behera kopuruak. Horretan mozketek mesederik ez dutela egiten salatua dute euskaltegiek; besteak beste, azterketak gainditutakoan ikasleei ematen zieten diru laguntza kendu du Jaurlaritzak. Horiek horrela, orain astebete agerraldia egin zuten hainbat pertsonaia ezagunek —tartean ziren talde politiko guztietako kideak—; euskaltegietan izena ematera dei egin zuten.

Baina kaskarrak dira datuak: oraingoz, %25 inguruko jaitsiera itunpeko euskaltegietan; txikiagoa, baina jaitsiera sare publikoan ere. Adibiderako, udal euskaltegiak: «Ez da hain nabarmena, baina sumatu dugu jaitsiera bat guk ere, %5-6 ingurukoa». Mikel Uzkudun Tolosako udal euskaltegiko ordezkariak eman du guztien batez bestekoaren berri. Kasu diferenteak daudela azaldu du, nolanahi ere: «Badira jaitsiera oso handia izan dutenak, %17 bueltakoa, eta badira ikasle kopuru zertxobait handiagoa dutenak ere».

Beste hizkuntza batzuk, gora

Zer gertatu da jaitsiera horren handia izateko, batez ere euskaltegi itunpekoetan? Krisi ekonomikoak zuzeneko zerikusia izan du, bistan dena. «Ez gara bizi burbuila batean. Badakigu krisi ekonomiko gogor baten erdian gaudela», onartu du Mugikak. Usaina hartua zioten, Uzkudunen esanetan: «Krisia, langabezia... Horrek matrikulazioetan eragingo zuela aurreikusten genuen».

Kontua da, ordea, krisi garaian jende gehiagok jo duela hizkuntzak ikastera. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hizkuntz eskoletan, %18 handitu dira ingeleserako matrikulazioak, eta %60 alemanekoak. Ingelesa ikasi ezinik 17.000 lagun geratu dira. Eta euskara zer? Eskariek behera egin dute hizkuntz eskoletan ere.

Euskararen estatusa kaskartu egin dela eta matrikulazioak horren eraginez ere gutxitu direla uste dute euskaltegietako arduradunek. Mugika: «Azken urteetan egindakoaren argazkia dago orain euskaltegietan. Euskarak prestigioa galdu du». Haren arabera, okerreko mezuak zabaldu ditu Jaurlaritzak agintaldi honetan. «Ez zaio eman behar adinako garrantzia euskarari. Zirimiria bezala, hainbat adierazpen egin dituzte, eta, orain, jendeak beste hautu batzuk egin ditu». Tesi horrekin bat egin du Uzkudunek: «Gobernu honek ez du eragin euskarak prestigioa izateko, eta, gizarteak, beharrik ikusi ezean euskara ikasteko, atzera egiten du».

Ikasturtea hastear dute —leku gehienetan etzi ekingo diete eskolei—, eta neurriak lehenbailehen hartzea ezinbestekoa dela diote euskaltegiek. Jaurlaritzarekin batu ziren atzo, irizpideetan «malgutasuna» izan dezan eskatzeko. AEK-ko ordezkariak dio ez dutela «mesedezko traturik» galdegiten. «Dauden baliabideekin eta ebazpenak beteta, malgutasunez jokatzeko eskatzen dugu». Udal euskaltegien eledunak azaldu du aurten ratioen irizpideak gogortu egin dituztela: 10.000-20.000 biztanle arteko herrietan, zortzi ez, hamar lagun behar dituzte gela sortzeko. «Hori bete ezean, diruz ez dute laguntzen. Herri bakoitzeko udalek ipini behar dute dirua».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez ezik, egoera bertsua da Nafarroan ere; Ipar Euskal Herrian, iazko paretsu dabiltza. Izena emateko epea oraindik ez dute itxi euskaltegiek, eta behin betiko datuak izandakoan egin nahi du analisia Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak. Urriaren 8an bilduko dira. Datuak zuzenduko direla espero du Jaurlaritzak. Egoera aztertzeko eta laguntzeko prest agertu da, edonola ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.