zubietako erraustegia

Lau lagun epaituko dituzte, iaz Zubietako erraustegira egindako martxa batean parte hartzea egotzita

Desordena publikoak eragitea egozten diete. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak mobilizazioetara deitu ditu, epaituei elkartasuna adierazteko.

Iaz erraustegira egindako martxa. BERRIA
Irati Urdalleta Lete.
2019ko azaroaren 29a
12:59
Entzun

Iazko irailean Zubietako erraustegira egindako martxa baten harira, lau pertsona epaituko dituzte, desordena publikoak egitea egotzita. Horietako bi Zubietakoak (Gipuzkoa) dira, bat Lasarte-Oriakoa (Gipuzkoa) eta bestea Donostiakoa.

Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak salatu duenez, Ertzaintzak indarkeria erabili zuen egun hartan, era «baketsuan» protestan ari ziren herritarren aurka. «Erraustegien aurka mundu osoko 900 elkarte biltzen dituen GAIA aliantzak ere Ertzaintzaren bortizkeria salatu zuen», gaineratu dute.

Lau pertsona horiek epaitegietara deituz, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak herritarrak «beldurtu» nahi dituztela nabarmendu du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak: «Protesta sozial erabat zilegia kriminalizatzeko ahalegina da». Borrokan jarraitzeko konpromisoa ere hartu dute, indarkeriarik gabe, baina «ereduen talka» eraginez: «Etsita eta etxean nahi gaituzten arren, protestan jarraituko dugu».

Epaiketarako zitazioa jaso duten herritarrei elkartasuna adierazteko mobilizazioak egingo dituzte. Hain zuzen, Donostiako, epaitegiaren aurrean elkartuko dira, abenduaren 4an, 11:00etan eta abenduaren 9an eta urtarrilaren 9an, 10:30ean, Egian.

Albiste hau Zubietako erraustegian suzko proben hasieraren biharamunean dator. Izan ere, atzo hasi ziren lehenengo aldiz zaborra erretzen, probetan. Erraustegiarekin «zaborraren arazoa» konpondu beharrean, «beste arazo larri bat» sortu dela sentitzen dute, eta hurrengo belaunaldiei eta inguruan bizi diren milaka eta milaka herritarrei «modu larrian» eragingo diela. «Protesta sozialen aurkako epaiketen gainetik, guk argi dugu: erraustegirik ez!», gaineratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.