ERREPIDE ISTRIPUAK

Lau lagun hil dira Gabonetan Hegoaldean; iaz baino bost gutxiago

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Trafiko Zuzendaritzak eman dituen datuen arabera, lau lagun hil dira 2004 eta 2005 arteko Gabonetan iazko abenduaren 23tik aurtengo urtarrilaren 9ra Hego Euskal Herrian gertatutako trafiko istripuetan; iaz baino bost gutxiago. Nafarroan Gabonetan ez da istripu larririk gertatu eta, ondorioz, ez da ez hildakorik ez larri zauriturik izan; iaz, aldiz, bi lagun hil ziren bi istriputan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lau lagun hileta bi larri zauritu dira Gabonetan gertatu diren hiru istripu nagusietan; iaz, berriz, zazpi lagun hil ziren lau istriputan.

Bestalde, DYA errepideetan laguntzeko elkarteak Bizkaian iaz gertatutako errepide istripuen estatistikak jakinarazi ditu. Elkartearen arabera, 60 lagun hil ziren iaz Bizkaian gertatutako istripuetan; 2003an baino 29 gutxiago. Hildakoen kopurua nabarmen gutxitu den arren, istripuen kopurua berdintsua izan da: 1.746 iaz eta 1.787 2003an. N-634 errepidean eta A-8 autobidean gertatu zen istripu gehien. Abuztuan izan ziren hildako gehien, bederatzi, eta iraila izan zen errepidean hildakorik gabeko hilabete bakarra. Istripurik larriena uztailaren 21ean gertatu zen N-240 errepidean, Lemoan: lau lagun hil ziren bi autok eta kamioi batek izandako istripuan.

Bizkaiko DYAk 24.329 irteera egin zituen iaz, 2003an baino %10 gehiago. Irteera horietatik %28,26tan ez zuten inor eraman behar izan.

Errezilgo gazte bat hil da Azpeitian

I.A.S. 17 urteko Errezilgo (Gipuzkoa) gaztea hil zen herenegun, GI-2634 errepidean,Azpeitia parean izandako istripuan. Istripua goizaldeko 05:00 aldera gertatu zen. I.A.S. motorrean zihoan Azpeititik Tolosarako bidean. Gidatzen zuen motorra errepidetik atera zen eta hesia jo zuen. Kolpearen ondorioz hil zen. Ertzaintzak berekin harremanetan jartzeko eskatu die istripua ikusi zutenei. Horretarako 943539119 telefonora dei dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.