Lau lagun hil dira Nafarroan eta Bizkaian izan diren auto istripuetan

Ezbehar larriena Galdakaon gertatu da; bi gazte hil dira eta emakume bat larri zauritu da

Erredakzioa
Donostia
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Egun beltza izan zen atzokoa Euskal Herriko errepideetan. Lau pertsona hil ziren Galdakaon (Bizkaia), Derion (Bizkaia)eta Arruazun (Nafarroa) izandako hiru errepide istriputan. Ez-behar horietan, hiru lagun ere zauritu ziren; horietako bat, oso larri.

Istripurik larriena goizaldeko 06:00etan gertatu zen, N-634 errepidean, Galdakaon, Bilboko noranzkoan. Istripuan bi autok talka egin zuten, eta autoetako batean (Volkswagen Golfa) zihoazen bi bidaiariak, 17 eta 19 urteko bi gazte, hil egin ziren. Talkak bota egin zuen autotik haietako bat, eta bestea suhiltzaileek atera behar izan zuten. Beste autoan (BMWa) zihoan 36 urteko emakumea Basurtuko ospitalera eraman zuten, larri. Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripua zerk eragin zuen argitzeko.

Goizeko lehen orduan jazo zen Arruazun izandako istripu larria ere. Sakanako herri horretan auto batek, A-10 errepidetik atera, eta zuhaitz bat jo zuen. Istripuaren ondorioz, 21 urteko Urdiaingo gazte bat hil zen. Goizeko 08:42an jaso zuten SOS Nafarroaren larrialdi zerbitzuan autoa ikusi zuen gidari baten deia. Osasun zerbitzuak iritsi zirenerako, gaztea hilda zegoen, eta suhiltzaileek atera behar izan zuten autotik. Hilotza Iruñe- ra eraman zuten autopsia egiteko.

Istripuaren lekuko zuzenik ez dagoenez, ez dago jakiterik zer ordutan gertatu zen, baina Foruzaingoaren arabera, 06:00 eta 08:30 artean izan zen.

Talka Derion

Eguneko hirugarren istripu larria eguerdian gertatu zen, 13:30 aldera, BI-631 errepidean, Derion. BMW markako auto batek eta Mazda batek aurrez aurre jo zuten Egirleta mendatearen jaitsieran, Derioko herrigunerako noranzkoan.

Talkaren ondorioz, BMW ibilgailuko gidaria hil egin zen. Bertaratutako osasun zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin hura bizirik mantentzeko. Beste autoan zihoazen bi bidaiariak Basurtuko ospitalera eraman zituzten, zaurituta. Ospitaleratutako bi lagunen zaurien larritasunaren inguruko informaziorik ez zuen eman Herrizaingo Sailak.

Istripua gertatu ondoren, errepidea itxi egin zuten, eta zirkulazioa Egirletako errepide zaharretik bideratu zuten. Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ikerketa abiatu du istripua zerk eragin zuen argitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.