Lau urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diote gizon bati, alabaordeari tratu txarrak emateagatik eta ukituak egiteagatik

Biktimak 5 urte zituenetik 7 urte izan arte egin zituen erasoak. Gaur egun 11 urte ditu, eta erasoek ondorio psikologikoak utzi dizkiote.

Sarrigurenen izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea, Iruñean, joan den igandean. IÑIGO URIZ / FOKU
Sarrigurenen izandako hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea, Iruñean, joan den igandean. IÑIGO URIZ / FOKU
Maddi Iturriotz Alkorta
2026ko otsailaren 26a
15:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Probintzia Auzitegiko 2. atalak lau urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio 44 urteko gizon bati, haren bikotekidea zenaren alaba «jotzeagatik eta ukituak egiteagatik», Iruñean. Neskak 5 urte zituenean hasi zituen erasoak, eta 7 urte zituenean bukatu. Epaiak zehaztu du gizonaren erasoak ohikoak zirela: batzuetan gerrikoarekin jotzen zuen, besteetan eskuekin, eta zigortu egiten zuen. Neskarekin bakarrik zegoenean, ukituak egiten zizkion bagina inguruan.

Zigorra hitzartu egin dute fiskaltzak, akusazio partikularrak —Nafarroako Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Agentziak— eta defentsak. Lau urteko kartzela zigorra ezarri diote 13 urtetik beherako adingabe bati sexu erasoak egiteagatik; sei hilabetekoa, berriz, ohiko tratu txarrengatik.

Neska Nafarroako Gobernuaren Behaketa eta Harrera Zentrora eraman zuten 2022an. 2024tik harrera familia batekin bizi da. Erasoek ondorio psikologikoak eragin dizkiote; antsietatea eta autoestimu apala, esaterako.

Zigortuak, kartzelatik ateratakoan, zaintzapean egon beharko du bost urtean. Era berean, ezingo da harengandik 200 metro baino gutxiagora egon eta harekin harremanetan jarri. Bi mila euroko kalte ordaina eman beharko dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.