Lau urteko espetxe zigorra, Iruñean hiru urte eta erdiko neskato bati sexu erasoa egitea egotzita

Erasoa 2025eko urtarrilaren 25ean gertatu zen, Iruñeko supermerkatu batean. 72 urteko gizonezko batek ipurmasailak indarrez ukitu zizkion hiru urte eta erdiko neskato bati.

Nafarroako Justizia Jauregia, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Nafarroako Justizia Jauregia, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
14789412 kepa
2026ko uztailaren 16a
13:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nafarroako Auzitegiko 2. epaimahaiak lau urte eta egun bateko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati, 2025eko urtarrilean, Iruñeko supermerkatu batean, hiru urte eta erdiko neskato bati ipurmasailak indarrez ukitzea egotzita. Urruntze agindua ere ezarri diote, eta ezin izango da biktimarengandik 300 metro baino gutxiagora egon, sei urtez. Gainera, zaintzapeko askatasunean egon beharko du beste bost urtez, kartzelatik atera ostean. Azkenik, 600 euroko kalte ordaina eman beharko dio erasotzaileak neskatoari, eragindako kalte moralagatik.

Epailearen ebazpenean jasotzen denez, 2025eko urtarrilaren 25ean, 20:15 aldera, 72 urteko gizonezkoa erosketak egiten ari zen Iruñeko supermerkatu batean. Adingabea, berriz, saltokiko korridore batean zegoen, amarengandik apur bat aldenduta, plastikozko eskularru batekin jolasean.

Frogatutzat jotzen denez, erasotzailea «neskaren atzean makurtu zen eta eskuineko eskuarekin ipurmasailak ukitu zizkion indarrez, zeramatzan prakatxoen gainetik, ekintza horrek zeukan izaera sexuala jakinda». Jarraian, bere erosketa orga hartu eta alde egin zuen akusatuak.

Umea, ordea, bere amarengana joan eta gertatutakoa kontatu zion. Fruta dendaren inguruan aurkitu zuen erasotzailea, eta egindakoa aurpegiratu zion. Orduan, alde egiteko ahalegina egin zuen gizonezkoak, baina emakumeak bere senarrari deitu zion, eta hark poliziari abisatzeko esan zion.

Epaiak dioenez, gertakari horien ondorioz, neskatoak «eskola ingurunean haurrekin jarduteari uko egiten dio tarteka, ez dio aitonari laztan egiten uzten, supermerkatuan gertatu zitzaiona gogorarazten du, eta gogo asaldura jakin batzuk ditu». Laguntza psikologikoa ere behar izan du.

Sinesgarritasuna

Apirilaren 15ean egindako epaiketan, fiskaltzak 5 urteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat; eta defentsak, berriz, absoluzioa. Bada, Nafarroako Auzitegiko bigarren epaimahaiak ebatzi du ez zela koherentea izan auzipetuak egindako errugabetze alegazioa.

«Adierazi zuen haurra baztertzea baino ez zuela nahi, igaro ahal izateko. Baina, ez dago egiaztatuta horren leku gutxi zegoenik igaro ahal izateko, ezta horretarako ipurmasailak indarrek ukitu behar zizkionik ere. Ama neskatoaren ondoan zegoen; bazeukan hari esatea umeari erditik kentzea eskatzeko», zehaztu du epaimahaiak.

Biktimaren deklarazioari dagokionez, magistratuek nabarmendu dute neskatoak «argi eta garbi» kontatu zuela gertatutakoa.

Epaiaren aurka helegitea aurkez daiteke Nafarroako Auzitegi Nagusian.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA