Lau urteko haur bat ospitaleratu zuten atzo egoera kritikoan zela, Oiongo (Araba) etxe bateko bigarren solairutik erori zela eta. Istripua eguerdiko ordu bata eta erdiak aldera gertatu zen, Virgen Blanca kalean.
Ertzaintzaren arabera, aita etxean zegoela erori zen haurra, eta hark eman zuen abisua. Lehen hipotesien arabera, balkoitik erori zen, istripu baten ondorioz. Buruan kolpe handia hartu zuen. Larritasunagatik, Osakidetzaren helikoptero medikalizatu bat erabili behar izan zuten ospitaleratzeko.

Helikopteroak Oiongo futbol zelaian hartu zuen lurra. Partida bat jokatzen ari ziren, eta bertan behera utzi behar izan zuten hari bide emateko. Han artatu zuten haurra lehenik, eta ordubete geroago Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako ospitalera eraman zuten airez, egoera kritikoan zegoela.
Oraingoz ez da informazio gehiago zabaldu gertatutakoaz eta haurraren egoerari buruz.