LAB sindikatuak salatu duenez, joan den astelehenean Laudioko (Araba) etengabeko arretarako gunean ez zen medikurik izan, eta aurreratu dute etzi eta igandean ere ez dela izango. Jai egunak izango dira gainera Aiaraldeko bihotzean, etzi txupinazo eguna izango baita, eta igandean, berriz, sanrokezar eguna. Gainera, sindikatuak gogorarazi du bero handiko egunak direla eta halakoetan osasun ezbehar gehiago izaten direla.
Hain zuzen, Laudion bertan, bi pertsona hil ziren iaz medikurik ez zenean. Lehena 2024ko urtarrilean izan zen, etengabeko arretarako gunean medikurik ez zenean, eta bihotzeko batek jota hil zen. Bestea garai honetan bertan izan zen: gau batean hiru ezbehar larri izan ziren Laudion (hipogluzemia bat, bihotzeko bat eta bihotz-biriken geldialdi bat), eta une horretan Laudioko Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorra guardiako medikurik gabe zegoen. Bilbotik joan behar izan zuen medikua zuen ZIU mugikorrak bihotz-biriken gelditze hori artatzeko, baina pertsona hil egin zen.
Batez ere lehen heriotzak haserrea piztu zuen herrian eta eskualdean, eta herritarrek hainbat protesta antolatu zituzten.