Nafarroako aurrekontuak

Laukoak aurrera atera ditu 2019ko aurrekontuak, laugarren urtez

Aurretik, 161 zuzenketa onartu ditu laukoak; gehienak, gobernukoa babesten duten alderdienak. EH BIlduk, Geroa Baik, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak aurrekontuen alde bozkatu dute; UPNk, PSNk eta PPk kontra. Hiru alderdi horiek amatasun atxikipenak ez itzuli izana erabili dute gobernua kritikatzeko.

Nafarroako Parlamentuko eztabaida, gaur. JOXERRA SENAR
joxerra senar
2018ko abenduaren 20a
07:12
Entzun

Gehiengo estua izanagatik, laugarren urtez jarraian, 2019ko aurrekontuak aurrera atera ditu Nafarroako Gobernuak. Gaurko eztabaidan, lau urteetako aurrekontuen balantzea egin nahi izan du laukoak, eta oposizioak, aldiz, batik bat amatasun baimenen atxikipenen gaia atera nahi izan du. Ezkerrako Jose Miguel Nuinen ustez, urteotan zerbitzu publikoak hobetu diren bezala, ekonomia dinamismoz hazi da: “Eta horren aurrean, daturik ezean, ez dago tonoa altxatu beste erremediorik”, gaitzetsi du.

2019ko aurrekontuak 4.016 milioi euroko gastu-muga izango du, aurten baino 127 milioi gehiago. Laukoak nabarmendu izan duenez, gizarte arlora bideratu dute zatirik handiena —aurrekontuen %55,6, finantza gastuak kontatu gabe—. Gaurko eztabaidaren aurretik, aurrez, 161 zuzenketa onartu dituzte batzordeetan izandako eztabaidetan —denera, 20,9 milioi euro—. Laukoa osatzen duten taldeenak izan dira gehienak (157), baina PSNren bi zuzenketa eta UPNren beste bat ere onartu dituzte. Beste bat, talde guztiek izenpetu zuten.

Oposizioko taldeek, gehienbat, amatasun baimenen atxikipenak itzultzeko zuzenketak onartu ez izana eguneko gai bihurtu nahi izan dute, aurrekontuaren edukiaren gainetik. Harmailetan, gonbidatuen artean izan da amatasun atxikipenak itzultzea aldarrikatu duten guraso talde bat, 20 pertsonez osatua. Gobernua babesten duten alderdietako eledunek hitz egin duten bakoitzean bizkarra erakutsi dute, neurri hori onartu ez izanaren protesta gisa.
 

UPNk, nahita, gai hori bakarrik mahai gaineratu du, nahiz eta azaroan diru hori itzultzeko euren lege proposamena ez zen aurrera atera. Aurrekontuen eztabaidan laukoak kanpoan utzi du aldarrikapen hori, gastu-muga nabarmen igotzea eragingo lukeelako. Horren aurrean, UPNko Carlos Garcia Adanerok “betoa” eta “blokeoa” salatu ditu. “Aldaketaren gobernua izatetik, iruzurraren gobernua izatera heldu da”, kritikatu du.

Demagogia egitea leporatu dio Koldo Martinezek Adanerori, eta gogoan hartu du ama horiei atxikipenak ez itzultzea bozkatu zutela UPNk, PSNk eta PPk. “Zuek ama horiei iruzur egin diezue”. Aldi berean, Nafarroak iazko 215 milioko supberabitetik 113 milioi inbertitu zitzakeen, baina Pedro Sanchezen gobernuaren baimenaren ostean azkenik 35 milioi inbertituko ditu. Hori ahalbidetu duen aldaketa konstituzionala babestea egotzi dio UPNri: “Kolpe latza izan da, eskerrak foralistak zaretela”. PSNri, berriz, Nafarroaren alde ezer egin ez izana aurpegiratu dio.

Joera aldaketa

Araizek azpimarratu du zerga erreformari esker urteotan 500 milioitik gora igo direla aurrekontuak, eta horri esker, besteak beste, hainbat zerbitzu publikok hobera egin dutela: hezkuntzak, udal azpiegiturek, osasunak, funtzionarioen soldatek... Aldi berean, jasotako ondarea kudeatzea egokitu zaiela azpimarratu du. Krisia hasi aurretik, Nafarroak 600 milioiko inbertsioa zuen, eta 30 milioi zuzentzen zuen zorra ordaintzera; aldiz, orain, zorraren zama 520 milioikoa da. “520 milioiko zamarekin ezinezkoa da 600 milioi inbertitzea. Hori kontuan hartu behar da”. Hala ere, azpimarratu du urteotan joera horri buelta ematea lortu duela, eta inbertsioa handitzen joan dela, nahiz eta finantza zama handia izan.

Ahal Dugu Orain Baiko Carlos Cousoren arabera, “gauza on gehiago ditu” aurrekontuak. Cousok nabarmendu du lau alderdi diferenteen arteko hitzarmena izan dela, eta bakoitzak amore emateko gaitsuna erakutsi duela. “Ziurrenik ez dira lau alderdiok nahiko genituzkeen aurrekontuak, handiagoak izatea nahiko genukeelako eta ez duelako bakoitzaren proiektua %100ean islatzen. Baina Nafarroan inork ezin dezake esan aurrera egitea lortu ez dela”.

Bestelako mezua eman du PSNko Maria Txibitek. Bere esanetan, “esku erorien aurrekontuak” dira, “txarrak” Nafarroarentzat: “Bizi irauteko aurrekontuak dira, baina ez dago etorkizunerako aurrekonturik”.

Ezkerrako Jose Miguel Nuin PSNri zuzendu zaio: "Zuen arazoa da beti UPNrekin hitzartu zenutela, eta aldaketak aurrera egin duen bakoitzean beti ezezkoa eman duzue. PSN ez zegoenean izan da posible aldaketa".

Betiko ildotik aritu da PPko Ana Beltran. "Aurrekontu batasunizatuak dira", esan du. Beltranen hitzetan, "langabeziaren alde" apustu egin du gobernuak, nahiz eta langabezia %16tik %9,6ra jaitsi den. Euskararen "inposaketa" ere salatu du, eta "sakonerarik gabeko zaku" bat sortzea egotzi dio laukoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.