Udal eta foru hauteskundeak. Araba

Lautadan biosfera erreserba bat sortzea proposatu du EH Bilduk

Gasteiz eta Araba «erreferente» bilakatu nahi ditu klima aldaketaren aurkako borrokan

Rocio Vitero eta Felix Gonzalez, EH Bilduren Gasteiz eta Arabako zenbait hautagairekin, atzo, Gasteizen. EH BILDU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Klima krisiari aurre egiteko asmoz EH Bilduk udal eta foru erakundeetatik bultzatuko dituen hainbat neurriren berri eman zuten atzo Rocio Vitero Gasteizko alkategaiak eta Felix Gonzalez Arabako Batzar Nagusietako hautagaiak. Besteak beste, konpromisoa hartu zuten «irizpide ekosozialetan» oinarritutako trantsizioa azkartzeko eta biodibertsitatea errespetatzeko, eta, hori lortzeko, proposatu zuten Arabako lautada Unescoren biosferaren erreserba izendatzea.

EH Bilduko hautagaien ustez, biosferaren erreserbak ongi diseinatuta eta kudeatuta daudenean «tresna baliagarriak» dira lurralde bat iraunkortasunaren ikuspegitik egituratzeko. «Arabako lautadan erreserba bat egoteak orain sakabanatuta dauden naturaguneak lotuko ditu, eta balioa emango die, eta erreserba apartekoa izango da, Gasteiz bezalako tamaina erdiko hiri bat barruan hartuko duelako», azaldu zuen Gonzalezek.

EH Bilduren iritziz, Zadorraren goi arroak betetzen ditu biosferaren erreserba izendatzeko beharrezko baldintza guztiak. Koalizioak proposatu duen eremua Zadorra ibaiaren arroaren goiko aldeari dagokio: 950 kilometro koadroko eremua hartuko luke denera, eta hamalau udalerri eta 275.000 biztanle bilduko lituzke. Gasteizko mendiak, Arrato mendilerroa, Gorbeia eta Aizkorri-Aratz parke naturalak, Urkiolako eta Entziako mendilerroak eta Iturrietako mendien esparrua hartuko lituzke biosferak.

«Unescok inoiz Araban egindako lehen aitortza izango litzateke, eta munduan halako ezaugarriak dituen gutxienetarikoa, haren barruan Gasteiz egongo litzateke eta», Gonzalezek azaldu zuenez. Biosfera erreserbak hiru gune izango lituzke, EH Bilduk egindako planaren arabera. «Eremu nagusian», periferia eta eremu babestuak leudeke. «Eremu tanpoia», berriz, gune nagusiaren ondoko zonek osatuko lukete. «Trantsizio eremua», azkenik, lurraldearen gainerako zatiak beteko luke.

Koalizioak proposatu du patronatu baten bidez kudeatzea erreserba, eta bertan bermatua egotea udal guztien eta interesa duten eragileen parte hartzea eta erabakitzeko gaitasuna.

Karbonoan neutroa

Udal mailan, berriz, 2030. urterako karbonoan neutroa izateko helburuari eutsi zion Viterok,iritzita Gasteizek «erreferente»izan behar duela klimaaldaketaren aurkako borrokan. Gasteizko alkategaiak gogora ekarri zuen duela lau urte koalizioak hiriburua karbonoan neutroa izateko plan bat aurkeztu zuela, eta hainbat neurri martxan jartzeko konpromisoa duela. Gasteizen energia berriztagarrien hedapena «modu parte hartzailean» planifikatzeko konpromisoa da horietako bat: «Jendaurreko informazio eta eztabaida prozesu baten bidez egin nahi dugu hori. Interesa duten eragile guztiei parte hartzeko gonbita egingo zaie, baita talde politikoei eta herritar guztiei ere, akordio politiko eta sozial ahalik eta zabalena lortze aldera».Horrekin batera, aztertuko dute eguzki parke ertainak ezartzea udalerriko lurzoru antropizatuetan —tartean Noryesteko presagaineko proiektua zenaren lurzoruak eta Ariñez eta Gometxa arteko Jundizko sarbidea—.

Horrez gain, Viterok azaldu zuen udalerriko auzo eta herrietan energia komunitateak garatu eta trantsizio komunitarioa sustatzeko bulegoak ireki nahi dituztela. Udal aholkularitza energetikoak ere martxan jarri nahi dituzte, norbanakoak etaenpresak laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.