Berrogei urteko indarkeria, samin eta oinazearen ostean amaitu da, azkenean, terrorismoaren aroa. Loiolako hegiak Loiolako elkarrizketen kronika argigarria irakurri nuenean ez nuen ulertu nola izan zen posible elkarrizketa haiek hautsi izana. Azken asteotan gertaturikoa ikusi ondoren eta igaro den osteguneko ETAren agiria irakurri ondoren, are ulergaitzago egiten zait Loiolako porrota. Baina, segur aski, orduan gertaturikoa, batetik, eta T4 suntsitzearen ondorioak, bestetik, oraingo egoerara iristeko prozesuaren katalizatzaileak izan dira. Azkenean, Loiolan eskura izan zuena ontzat hartu ez izanagatik, askoz gutxiago izan da oraingo honetan ETAk lortu duena, balio sinbolikoa baino ez duen eszenifikazio bat, hori izan da guztia. Horixe izan da berrogei urteko indarkeriak ETAri ekarri dion etekina.
Indarkeriaren gaixotasuna nozitu du euskal gizarteak. Eta gaixotasun horrek ondorio lazgarri anitz izan ditu. Asko izan dira euren senitarteko edo euren lagunak galdu dituztenak; asko haien bizitzak apurtu dizkiotenak ere; mehatxupean bizi izan direnak ugari izan dira; bestalde, torturak eta bidegabekeriak oraindik darraite gure artean. Elkarbizitza, inguru askotan, zaila izan da, kasik ezinezkoa. Horiek eta beste asko izan dira euskal gizarteak pairatu dituen ondorio tamalgarriak. Eta sendatzen diren gaixotasunekin gertatzen den bezala, eriondo edo susperraldiaren garaia dugu orain begien aurrean. Egindako kaltearen aitortza eman beharko zaie biktimei; egindako zauriak osatu beharko dira; espetxeetan dauden ETAko kideei justiziarekin bateragarriak diren neurri bereziak eskaini beharko zaizkie; epaiketa absurdoen ondorioz preso dauden politikariak kaleratzeko bideak ireki beharko dira. Zenbaitentzat gogorra izango da bidea, ez da batere samurra izango, baina ez dut uste beste aukerarik dagoenik.
Terrorismoa iragan bihurtu da jada, zorionez, eta, orain, indarkeriaren gaixotasunaren sendatzearekin batera, politikagintza normalerako garaia ere helduko da Euskadira. Orain arte izan den salbuespen politikoko egoera luzea bukatu beharra dago. Indar politiko guztiek aukera berberak izango dituzte hemendik aurrera. Eta, jakina, abertzaletasunak betiko galduko du orain arte erantsi dioten estigma. Egitasmo politiko guztiak zilegiak dira; hortaz, proiektu jakin batzuk aintzat ez hartzeko arrazoi edo aitzakiarik ez da egongo hemendik aurrera.
Lagun batek, ostegunean, Julio Medemen filmean Bernardo Atxagak esandakoa gogorarazi zidan: «Lurzoruaren gainetik ibiliko da jendea, 20 zentimetrotara; lebitatu egingo da, nonbait, zama astun hori gainetik kentzen dugunean». Lebitatzen hasiak gara.
ETAren jardun armatuaren amaiera. Analisia. Juan Ignazio Perez Iglesias EHUko errektore ohia
Lebitatzen hasiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu