Iluntasunean eta hotzez bizi dira milaka pertsona, hilabete bukaeran heltzen diren fakturak ordaintzeko baliabide ekonomikorik ez dutelako. Batzuen kasuan, haiek erabakitzen dute pixkanaka argia, ura edo gasa kontrolatzea edo zuzenean moztea, zorrarekin bizi baino lehenago; besteen kasuan, berriz, energia enpresek mozten dizkiete horniketak. Txirotasun energetikoaren aurka egiteko lege argiak eskatu dizkio Israel Gonzalez (Iruñea, 1981) Martes al Sol plataformako kideak Nafarroako Gobernuari: «Diru laguntzak ematea ez da nahikoa».
Geroz eta zailagoa al da oinarrizko zerbitzuak etxe guztietan egotea?
Bai, baina berez guztion eskubidea da etxebizitza duin bat izatea. Uste baino larriagoa da egoera. Pertsona batzuek egiten duten autozentsura horren ondorioz, iluntasunean bizi dira, eta hotza dute eguneroko ogi. Horrek osasunean eragiten die zuzenean. Espainiako Estatuan, esaterako, negu oro gutxienez 7.000 lagun hiltzen dira txirotasun mota horregatik. Ia zirkulazio istripuz hildakoen bikoitza. Beldurgarria da.
Eta ezezaguna ere bai, ezta?
Martes al Sol plataformaren lehenengo lana hori izaten da. Etxe barruan gertatzen dena kalera ateratzea, jendeak ezagut dezan. Geroz eta etxe gehiagotan dute egoera hori, eta horren berri eman behar dugu, baina ulertzen dugu batzuek beldurra izatea. Guri ere zaila egiten zaigu zifra zehatza kuantifikatzea, hain zuzen, jendeak ez duelako bere errealitatea ezagutzera eman nahi. Izu dira. Badakit esatea erraza dela, baina ausartak izan behar dute, eta ahal den guztian borrokatu.
Nafarroan zenbat pertsona daude egoera horretan?
Gure kalkuluen arabera, 96.000 pertsona inguru. Jende ugari dago hilean 700 eurorekin baino gutxiagorekin biziraun behar duena; hipoteka, janaria eta hamaika faktura ordaindu behar dituzte, eta ez dira denera iristen. Hor hasten da autozentsura, eta, hortaz, txirotasun energetikoa.
Arriskuan ere badago jendea.
Noski. Denok ezagutzen dugu norbait bereak eta bi ikusten dituena etxeko faktura guztiak ordaindu ahal izateko. Jende asko dago mugan; agian hilabete honetan guztia ordainduko du, baina hurrengoan kale egingo du.
Badago profil zehatzik?
Krisia heldu baino lehen akaso bai, baina orain ez. Jende andana bizi da baliabide eskasekin, eta denetarik aurki daiteke; helduak, gazteak, bikoteak, familia osoak... Batzuetan gutxien uste dugun hori ere halaxe egoten da.
Nafarroako Gobernuak zer erantzukizun du?
Bai UPNren gobernuak eta bai [Uxue] Barkosenak diru laguntzak eman dituzte faktura batzuk ordaintzeko. Hori ona eta baliagarria da, baina beste urrats batzuk egiteko garaia da. Lege bat sortu behar da, mozketak saihesteko. Gure proposamena da mozketak egin baino lehen enpresek eta gobernuak gizarte zerbitzuekin hitz egitea, etxe bakoitzeko egoera azter dezaten. Kide guztiak langabezian edo egoera kaskarrean baldin badaude, ezingo dute mozketarik egin.
Mozketei buelta ematea garestiagoa da, gainera.
Askoz garestiagoa. Atzean utzitako faktura guztiak pagatu behar izateaz gain, gehigarri batzuk ere ordaindu behar dira. Etxeko helbidez aldatuta ere ezin da gasik edo elektrizitaterik jaso, aurreko etxeko fakturak ordaindu gabe. Zama horrekin ibili behar dute.
Garai batean zerbitzu publikoak ziren.
Hori ere eskatzen dugu. Elektrizitate enpresa publiko bat sortzea gustatuko litzaiguke, Iberdrolaren negozioaren aurka doana. Elektrizitatea publikoa baldin bada, iruditzen zaigu ez dela mozketarik egongo, edo gutxiago izango direla behintzat.
Oinarrizko zerbitzuak nazionalizatzea proposatzen duzue?
Hori azken irtenbidea da, baina erdibideko aukera batzuk ere badaude; enpresa publikoa sortzea izan daiteke bat, esaterako. Ada Colau Bartzelonako alkateak esan zuen asmo hori zutela Bartzelonarako. Hemen gauza bera egin dezakete.
Horniketa zerbitzua eskaintzen duten enpresak daude txanponaren beste aldean. Iberdrolak, esaterako, 1.920 milioi euro irabazi ditu sei hilabetean.
Betikoa da: batzuk oso gorantz doaz, eta besteak zulorantz zuzenean. Injustizia hutsa da. Batetik, jende ugari dago iluntasunean bizi behar duena, eta, bestetik, enpresek gero eta diru gehiago daukate. Hori ezin da onartu, eta horren aurka egin behar da.
Administrazioko goi kargudun askok halako enpresetan bukatzen dute. Kasualitatea al da?
Ez. Politikari asko daude enpresa energetikoen zuzendaritzan. Horrek oso argi azaltzen du zer gertatzen ari den argindarrarekin. UPNk, PPk edo PSOEk ezin dute txirotasun energetikoaren aurka neurririk jarri, alderdiko politiko horietako asko eta asko Petronor, Endesa, Iberdrola eta halakoetara joaten direlako politika utzi eta gero. 1994. urtetik aurrera, fakturak geroz eta gehiago igotzen ari dira, eta paraleloki, geroz eta politikari gehiago daude enpresa horietan. Hori ez da kasualitatea.
Israel Gonzalez. Martes al Sol plataformako kidea
«Lege bat behar da argi mozketak eragozteko»
Aurten eguraldi hobea egin badu ere, txirotasun energetikoa pairatzen dutenek neguan sufritzen dute gehien; heriotza tasa zirkulazio istripuz hildakoen bikoitza izan daitekeela jakinarazi du Gonzalezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu