Igor Ahedo. EHUko Administrazio Zientzia saileko zuzendaria

«Legeak egiturak sortu ditu, eta, orain, martxan jarri behar dira»

Beste arau bat sortu ordez baliabide gehiagoz hornitzearen alde egin du Ahedok, malgutasun handiagoa izan dezan. Legea kuantitatiboki indarra galduz joan bada ere, joera aldatzeko aukera dagoela azaldu du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Leioa
2017ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Igor Ahedo (Bilbo, 1973), EHUko Politika eta Administrazio Zientzia saileko zuzendaria, 2005eko EAEko Berdintasunerako Legearen balorazio kualitatiboa egin zuen ikerketa taldeko kidea da. Jone Martinez, Tania Martinez de Portugal eta Idoia del Hoyo EHUko kideekin batera egin zuen ebaluazioa. Dozenaka pertsona eta elkarterekin batzartu ziren, eta ondorio orokor nagusi bat atera zuten: 2005eko legeak aurrera begirako oinarri bat ezartzeko balio izan du, baina gizartea gehiago eskatzen ari da. «Administrazioek ez dute pentsatu behar hori txarra denik; lan egiten jarraitzeko aukera bat da».

Legea garatu ahal izateko «erresistentziak» aipatu dituzte ebaluazioan. Zeintzuk izan dira erresistentzia nagusiak?

Ezin da bakar bati buruz hitz egin. Egon badaude oso eremu maskulinizatuak, kode jakin batzuk dituztenak, eta horiek apurtzeak erresistentziak eragin ditzake, adibidez. Bestetik, administrazioen logika bertan dago: hauteskundeak lau urtean behin; haien zilegitasuna elikatu behar dute politika publikoen bidez... eta berdintasun programak luzera begirako estrategiak dira. Ordea, erresistentziak erresistentzia, ez dezagun ahaztu legeak arkitektura instituzionala ekarri duela.

Zer ekar dezake arkitektura horrek?

Sail guztietan berdintasuna zeharka jorratu ahal izatea ekarriko du. Sail batzuek asko aurreratu dute estruktura baliatuta, bertako kideen nahien arabera. Legea onartu zenetik, aurrerapenak izan dira administrazio guztietan, baina erritmo ezberdinetan. Ordea, aurrean dugun erronkak pertsonen duintasunari eragiten dio, eta ez dago tarteko helmugarik. Azken helmuga baino ez dago.

Aipatu izan duzu borondatearen arabera aurreratu dela.

Askotan bai. Lehenik eta behin, nabarmendu behar da berdintasun teknikariek egin duten lana. Berdintasun politiketan aurrera egiteko langile horiek egin duten lana aitortu behar da. Horrez gain, lan egiteko behar dituzten baliabideak eskaini behar zaizkie, eta zuzendaritza politiko baten babesa eman. Legeak berdintasun politikak garatzeko estrukturak sortu ditu, eta, orain, martxan jarri behar dira.

Garapen horretan, zer leku izan behar dute zigorrek?

Legearen izaera proaktiboak zaildu egiten du kanporako zigorrak ezartzea. Horrez gain, administrazioek ez dute beren burua zigortzeko ohiturarik. Zigortzen hasiz gero, poliki egin beharko litzateke, modu faktikoan edo sinbolikoan. Halako zigorrak oso eraginkorrak dira. Bizkarra emanez edo aurrez begiratuz, zigortu edo babestu dezakezu jokabide bat.

Eremu kuantitatiboari erreparatuz ematen du ahultzen ari dela legearen garapena.

Ez naiz ezkorra. Legearen ebaluazioak izaera pedagogikoa du. Oso lege gutxitan ebaluatzen da betearazpen maila, eta hori positiboa da: administrazioa tentsioan jartzen du. Datuek beherakada islatu dezakete, baina hori agerian jartzeak askorako balio dezake: pultsua berreskuratzeko, gizarteak administrazioa estutzeko, agintari politikoak berdintasunera gerturatzeko...

Ebaluazioan, binarismoaren ajeak aipatu izan dira; hots, legeak gizonez eta emakumeez bakarrik diharduela, eta gainontzeko identitateak aintzat hartu gabe geratu direla.

Erronka bat da, eta administrazio publikoetan duela gutxi ari dira lantzen. Administrazioek beren printzipioak egokitu behar dituzte 2017ko errealitatera. Horrez gain, antzeman da legeak gehiago eragiten duela emakume jakin batzuengan. Alegia, legeak tresnak abiarazi beharko ditu ikasketak dituen emakume zuri batengana heltzeko, baita emakume beltz batengana edota aniztasun funtzionala duen emakume batengana heltzeko ere.

Legea moldatu egin behar da?

Legegileek erabaki behar dute hori. Borondatea garrantzitsuagoa da, nire ustez: araua baliabidez hornitzea. Horrek modua emango du legea heltzen ez den lekuetara heldu ahal izateko.

Zein da, laburbilduz, Berdintasunerako Legearen lehen hamar urteen balorazio nagusia?

Legearen aurretik, mugimendu feministak bide luzea ibilia zuen; aurreko lan guztiak politika publikoen bidea zehaztu zuen. Halako batean, gizarte mugimenduak apaldu, eta administrazioek hartu zuten lekukoa. Ebaluazioak antzeman du gaur egun mugimendu feminista eta gizartea aurretik doazela. Legeari kritikak egin dizkiote. Horrek ez du baliogabetzen aurretik eginikoa, baina gehiago eskatzen zaio legeari.

Administrazioek baikortzat hartu ohi dute beren lana. Legearen garapena baldintzatu dezake?

Esan bezala, mugimendu feministaren eta gizartearen presioa dago, eta exijitu egiten dute. Aurretik egindako aurrerapenetan atzera egiteko fasean gaude, hezkuntzan adibidez. Duela zenbait urte, lan aitzindaria egin zen, baina ez du jarraipenik izan, zeharkakotasunak hori beteko zuelakoan. Ordea, gazteen sozializazio adierazleek agerian uzten dute patriarkatuaren indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.