Legeak onartzen erlojuaren aurka

Jaurlaritzak beste hiru lege onartu nahi ditu legealdia amaitu aurretik; inoizko lege gehien onartu den agintaldia litzateke Urkullurena. EAJ eta PSE-EEren gobernuaren lege egitasmoen artean bakarra geratuko da onartu gabe: Gardentasun Legea.

(ID_13272437) (Endika Portillo/@FOKU) 2023-10-19, Gasteiz. Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkura
Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria Eusko Legebiltzarrera sartzen, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
xabier martin
2024ko urtarrilaren 10a
05:00
Entzun

Oraindik egin gabeko hauteskunde deialdi bat erabat baldintzatzen ari da politikaren erritmoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Legebiltzarraren jarduera ez da eten urtarrilean, ezohiko deliberazio bat zela medio, eta horrek argi islatzen du Iñigo Urkulluren Eusko Jaurlaritza erlojuaren aurka ari dela. Oraindik beste hiru lege onartu nahi ditu gobernuak legealdia amaitu aurretik, eta azaroan eta abenduan onetsitako bi lege sortei segida eman: haurtzaroaren eta nerabezaroaren legea, kooperazioarena eta elkartasunarena, eta trantsizio energetikoarena.

Urkulluk ez du bozen deialdiaren berri eman, baina alderdiek espero dute luze gabe iragarriko duela zerbait. Hauteskunde giro betean, egungoa inoizko lege gehien onartutako legealdia izatea lortuko luke Gasteizko gobernuak baldin eta azken txanpan beste hiru lege horiek aurrera aterako balitu; 38 lege bailirateke onetsitakoak legealdi bakar batean, 2020tik 2024ra. Aurreko legealdian (2016-2020) 35 izan ziren, orduan ere EAJ eta PSE-EEk osatutako biko gobernuarekin, eta haren aurrekoan (2012-2016), 27, Urkullu soilik EAJren babesaz arituta, gutxiengoan. 

Urtez urteko jarduerari begiratuz gero, Eusko Legebiltzarrak inoizko lege eta lege aldaketa gehien onartu ditu 2023. urtean, nahiz eta iaz udal eta foru hauteskundeak eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin ziren. Gasteizko ganberak 28 lege onetsi ditu urte bakar batean: 1983. urtetik ez zituzten hainbeste onartuak. Orduan, Carlos Garaikoetxearen Jaurlaritza hasi berriak 33 lege onartu zituen hamabi hilabetean. Gernikako Estatutuan jasotako erkidego mailako erakundeak martxan jartzeko arauak izan ziren asko. Ordutik ez da inoiz ez dira hogei lege baino gehiago onetsi urte bakarrean, harik eta berrogei urteren buruan 28 lege onartu diren arte.

Otsailerako prest

Bistan da: koronabirusaren pandemiak jarduera parlamentarioa baldintzatu du bukatzear den legegintzaldian, eta jardueraren parterik handiena 2022. eta 2023. urteetara atzeratu. Esaterako, 2020an bi lege baino ez zituen onartu legebiltzarrak. Aldi berean, baina, izurritea ez da oztopo izan Jaurlaritzarentzat inoizko lege gehien onesteko. Eta hala ere, EAJk eta PSEk osatutako azken gobernuari lege bat geratuko zaio onartu gabe, bere lege egitasmoen zerrenda aintzat hartuz gero: Gardentasun Legea.

Horiek horrela, gero eta eragile politiko gehiagok uste dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilean izango direla: apirilaren 20an edo 27an, beharbada. Urkulluk berak egindako adierazpen batek sendotu egin du uste hori azken orduetan. Lehendakariak gogoratu du 2020ko bozak uztailera atzeratu zirela koronabirus pandemiarengatik, eta, berez, legealdia apirilean dela bukatzekoa. Azkenerako hauteskundeak apirilean eginez gero, Gasteizko ganberak nahikoa beta luke jada tramitean diren hiru legeak –haurtzaroarena eta nerabezaroarena, kooperazioarena eta elkartasunarena, eta trantsizio energetikoarena– eztabaidatu eta onartzeko. Otsaileko osoko bilkurak iristerako prest nahi dituzte gobernuko alderdiek, eta jada eratzen ari dira lege horiei loturiko batzordeak eta batzordeetako kideen izendatzeak.

Gasteizeko ganberak 28 lege onetsi ditu 2023an; 1983. urtetik ez zituzten hainbeste onartuak. Garaikoetxearen Jaurlaritza hasi berriak 33 lege egin zituen urte hartan.

EAJk behin baino gehiagotan esana du ekainean egitekoak diren Europako Parlamenturako hauteskundeetatik banatuta nahi dituela Gasteizko parlamenturako bozak, Espainiako PSOE eta PPren giro polarizatutik ahalik eta urrunen. Galizian, berriz, otsailean egingo dituzte bozak hango parlamenturako, eta, beste batzuetan deialdi biak batera egin diren arren, horietatik ere banatu nahi ditu Sabin Etxeak; zabaldurik dago boto emaile askok Pedro Sanchezen inguruko plebiszitu gisa bozkatu dezaketelako ustea, aldi batez behintzat. 

Aitor Esteban Espainiako Kongresuko diputatu jeltzaleak BERRIAri onartu dio «jada zaila» izango dela Espainiako muturreko giro horretatik «ihes egitea», baina saiatu behar dutela hauteskundeak «euskal esparruaren gakoekin» egin daitezen. Aldi berean, Urkulluk argi utzi du ahalik eta lege gehien onartu nahi dituela lehendakaritza betiko utzi aurretik. Horregatik, alderdiek aurreikusi dute apirilerako deituko duela lehendakariak hauteskundeetara, Aste Santuko oporren osterako. 

Aurrekontuak

Oraingoz, baina, Eusko Legebiltzarrerako bozen eguna ez du ezagutarazi Jaurlaritzako lehendakariak, eta parlamentuko jarduera bizia izango da atzera, aste gutxi barru. Azaroan bost lege onartu zituen Gasteizko ganberak, tartean Osasun Publikoaren Legea, soilik gobernuko alderdien babesarekin. Abenduan, berriz, legealdiko lege izarretako bat onartu zuten, besteak beste: Hezkuntza Legea, hura ere EAJren eta PSEren gehiengo absolutuaren bidez; izan ere, EH Bilduk erabaki zuen hura ez babestea, hizkuntza ereduei eusteari zegokion azken orduko aldaketa tarteko. Lege horrekin batera onartu ziren Enplegu Legea, Finantzen Euskal Institutuarena, Datuak Babesteko Legea, Dirulaguntzen Araubidearena, eta Lurzoru eta Hirigintza Legea. Urtea amaitu aurretik gogor sakatu zioten jardun legegilearen azeleragailuari.

2024ko Aurrekontu Orokorren Legea ere gehitu behar zaie lege horiei. Azken txanpan bozkatu diren lege garrantzitsuenekin gertatu den bezala, gobernuko alderdiek atera dute aurrera hura ere. Aurrekontu horiek oinarri eta baldintza izango dira hauteskundeen ondoren eratuko den gobernu berriarentzat. 2022ko aurrekontuetan, gobernuko alderdi biek eta EH Bilduk akordioa egin zuten, baina hurrengo bi urteetan ez dute ados jartzerik lortu; azken aurrekontuei dagokienez, negoziazioa hasi orduko bukatu da.

Trantsizio ekologikoaren legea, agintaldiko lege nagusietako beste bat

 

Betiere hauteskundeak apirilean izango diren hipotesia oinarri hartuta, beste hiru lege eztabaidatu eta onartuko dituzte Eusko Legebiltzarrean, eta horien artean Trantsizio Ekologikoaren eta Klima Aldaketaren Legeak bereganatu du arretarik handiena, klima aldaketari aurre egiteko izan dezakeen garrantzia dela eta. Hezkuntza Legearekin batera, agintaldiko lege garrantzitsuenetakoa izango da. Gardentasunaren Legea, berriz, hurrengo legealdirako geratuko da.

  • Trantsizio ekologikoa. CO2 isuriak eta beroketa eragiten duten beste isuriak «areagotzen dituzten jarduerak» zergapetzea jasotzen da legean, besteak beste. Era berean, modua emango du zergen alorrean pizgarriak ezartzeko energia berriztagarriak sustatu eta isuriak murrizten dituzten jarduerei. Foru ogasunek inbertsio mota horiek laguntzeko neurriak hartu ahal izango dituzte. Halaber, idatzian jasotzen da derrigorrezkoa izango dela enpresek, familiek eta administrazioek beren karbono aztarna kalkulatzea. Oposizioak gogor kritikatu du idatzia, «zehaztugabea» delako. EH Bilduk ez du osoko zuzenketarik aurkeztuko, baina nabarmendu du legeak ez duela «inor behartzen».
  • Gardentasunaren Legea. Gobernu Kontseiluak azaroan onartu zuen lege proiektua, eta jada bazekien ez zela agintaldiaren barruan onartu ahal izango lege gisa. EH Bilduk salatu du horrela egin izanak islatzen duela gobernuak «interesa falta» duela «praktika irregularrak geldiarazteko». Legearen helburua da «gardentasuna bermatzea», zeregin publikoetan herritarren parte hartzea ziurtatzea eta kontuak erakusteko beharra ezartzea. Arauan, halaber, Gardena deituriko organoa eratzea jasotzen da, Gardentasunaren Euskal Agintaritza. Erakunde horrek herritarren erreklamazioak jasoko ditu, informazio eskaerak ukatzen zaizkienean.
  • Haurtzaroa eta nerabezaroa. Legea aurrerapauso bat izango da adin txikikoek entzunak izateko eta haiei eragiten dieten erabakietan parte hartzeko duten eskubideari dagokionez. Umeak eta nerabeak «eskubide osoko herritar» gisa aitortzea izango da legearen funtsa. «Tratu egokiaren» kontzeptuan sakontzen da idatzian, bizitzeko eta osotasun fisikorako eskubideari lotua, helburu argi batekin: «Gehiegikerien edozein forma desagerraraztea».
  • Kooperazioa eta elkartasuna. Hegoaldeko herrialdeekin kooperatzeko eta elkartasun mekanismoak gauzatzeko esparru juridiko berria ezarriko du Kooperazio eta Elkartasun Legeak, 2007ko legea ordezkatuta. Erakundeen arteko aliantzak sustatu nahi ditu, kooperazioa gauzatu dadin. Alor publikoari eta eragile pribatuei erreparatzen die, erakundeen arteko koordinazioa egon dadin finantzaketari begira. BPGaren %0,7ko helburuan aurrera egiteko xedea du lege proiektuak, eta erakunde publiko guztietan izango da aplikagarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.