Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordeak aho batez eskatu dio Eusko Jaurlaritzari Asiako liztorra desagerrarazteko plan bat egiteko. 2010. urtean konturatu ziren Gipuzkoan erlauntzetan sartu eta bertako erleekin elikatzen den liztor horren presentziarekin. Jaurlaritzak probintzia bakoitzeko diputazioekin batera lan egin dezala eskatu du Eusko Legebiltzarrak, baita inguruko probintzia eta estatuekin ere. Hain zuzen ere, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak gogorarazi du Gipuzkoan 2010. urtetik dagoela baina Frantzian 2004an atzeman zutela Asiako liztorra lehenengoz. «Espezie horren aurka egiteko duten eskarmentua balia dezakegu hemen».
Neiker Tecnaliak Gipuzkoan ikertutako erlauntzen erdietan espezie inbaditzaile hori atzeman dutela gogorarazi du Benjamin Atutxa PSEko legebiltzarkideak. Ordea, Bizkaiko eta Arabako erlauntzetara ez dela hedatu azaldu du. Ingurumen Batzordeko legebiltzarkide guztiek nabarmendu dute erleen garrantzia ez dela eremu ekonomikokoa bakarrik, eta bioaniztasuna mantentzeko ezinbesteko lana egiten dutela. «Polinizazioan parte hartzen duten elementu guztien artean garrantzitsuenetakoa da erlea», gogorarazi du Maeztuk.
Legebiltzarrak aho batez eskatu du Asiako liztorra desagerrarazteko plana
Eusko Jaurlaritzari plan bat abiarazteko eskatu diote alderdiek, betiere aldundiak eta estatuak kontuan hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu