Gizartea

Legebiltzarrak ez du onartu Nafarroan abortua bermatzeko tramitea

1990eko Osasun Legea aldatzeko tramiteak ez du aurrera egin, NaBai koalizioko lau ordezkari ez zeudelako bozketa unean. Osasun Legea aldatzeak Nafarroan abortatzeko eskubidea bermatzea du xede.

2010eko ekainaren 10a
17:18
Entzun
Nafarroako Gobernuak tramiteak hasi zituen Espainiako Abortuaren Legea indargabetzeko, eta horren kontra Nafarroako Legebiltzarrak daukan aukeretako bat da 1990ko Osasun Legea aldatzea, Nafarroan abortatzeko eskubidea jasotzeko. Hala ere, UPNk eta CDNk egin nahi dutena eragozteko gaur abiatu behar zuen aukerak huts egin du. PSNk legea tramitera bideratzeko proposamenaren aurre bozketa zuten egitekoa gaur, alderdien gehiengoa horretarako ados dagoen erabakitzeko, baina NaBaiko lau legebiltzarkide, Koldo Amezketa, Jose Angel Agirrebengoa, Maiorga Ramirez eta Patxi Zabaleta, ez zeuden Legebiltzarrean bozketa egin dutenean.

PSNk hamabi legebiltzarkide dauzka, NaBaik beste horrenbeste, eta NEB Nafarroako Ezker Batuak bi. UPNk 22 dauzka eta CDNk bi. Bozketaren unean UPNko legebiltzarkide bat ere falta zen. Boto bakar batengatik egin du proposamenak atzera.

PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek "ezin onartuzko jarrera" leporatu dio NaBairi, eta "azalpen argiak" eman ditzala, Legebiltzarrean zergatik ez zeuden esan dezatela. Eztabaida bideratzeko eskaera berriz egin du Jimenezek Legebiltzarrean, ekainaren 30a baino lehen eztabaidatu ahal izateko.

NaBairen "akats txikia"

Zuzenduko duten "akats txikia" da gaur gertatutakoa Patxi Zabaleta NaBairen legebiltzarkidearentzat, eta baztertu egin du botoa ematerakoan Jimenezek esandakoa egiten ari zirela, alegia, ezker abertzalearekin bilera egiten ari zirela: "Hori gezurra da", esan du Zabaletak. "Kasualitatea izan da" botoa emateko unean ez egotea, eta NaBairen jarrera gai horren inguruan "oso garbia" dela nabarmendu du, "gaizki ulertzeak saihestearren". Osasun Legea tramitera berriz ere eramaten dutenean eztabaida bideratzearen aldeko botoa emango dutela ziurtatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.