Legebiltzarrak uda ostean eztabaidatuko du Euskara Sustatzeko Ekintza Plana

Planak «neurri iraunkorragoak» identifikatzeko balioko duela nabarmendu du Lopez lehendakariak

Euskararen Aholku Batzordeko kideak, bilera hasi aurretik, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Euskara Sustatzeko Ekintza Planak beste pauso bat eman du. Euskararen Aholku Batzordeak oniritzia eman dio Euskara 21 Batzordeak landutako planari, eta Eusko Jaurlaritzaren esku artean dago jada. Uztaileko azken gobernu bileran bidaliko du Jaurlaritzak Eusko Legebiltzarrera, eta bertako mahaiak erabakiko du zein izango den plana eztabaidatu eta bozkatzeko modua. Eusko Legebiltzarrak bi hilabete behar izan zituen 1999. urtean, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia jaso zuenetik, Osoko Bilkuran onartu zuen arte. Eztabaida horretan zortzi zuzenketa egin zizkioten legebiltzarkideek.

Euskararen Aholku Batzordearen bilera hasi aurretik Patxi Lopez lehendakariak goratu egin zuen onartze bidean dagoen plan berria. «Bide emango digu eguneroko kezka eta eginbeharretatik distantzia hartu eta neurri iraunkorragoak identifikatzeko». Lan hori «zaila baina beharrezkoa» dela gaineratu zuen, eta Euskararen Aholku Batzordeko kideak aurrera begira dituzten ardurei buruz ohartarazi zituen: «Zuen esku dago aholku egokiak ematea etorkizunean hartu beharko diren norabideen eta erabakien inguruan».

Lopezek gaineratu zuen Eusko Jaurlaritza ez dela «neutrala» euskararekiko. Eusko Jaurlaritzak sustapenaren aldeko «apustu garbia» egin duela azaldu, eta «ekimen nagusiekiko konpromisoak» mantendu egin dituela gaineratu zuen. «Ahalegin izugarriak egin ditugu euskararen sustapenean aplikatu beharreko murrizketak ahalik eta txikienak izateko».

Euskara sustatzeko neurriak «hitzarmenean» oinarritu behar direla gaineratu zuen, eta «neurri positiboak» behar direla nabarmendu: «Epe luzean adostasunaren politikak bere fruitua eman du, V. Inkesta Soziolinguistikoak frogatzen duen bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.