Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak atzo eman zuen datua: urtebetean %8,8tik 21,3ra igo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan paperik gabeko etorkinak botatzearen alde daudenak. Gaur Radio Euskadin Eusko Legebiltzarreko ordezkariak bat etorri dira datu horien balorazioan.
Joseba Egibar EAJkoak esan du etorkinenganako jarrera hori ez dela zuzena. "Oinarrizko eskubideak pertsonalak dira eta herritar guztienak. Ezin da arrazarengatik edo jatorriagatik inor bereizi. Gure herrian bizi diren guztiek izan behar dituzte oinarrizko eskubide horiek".
Dani Maeztu Bildukoak ere adierazi du osasungintza eta hezkuntza guztientzat direla, jatorria edozein delarik ere. "Pedagogia egin behar da ulertarazteko euren herria uztera behartuta daudenak sistemaren alderik tristeena direla".
Jose Antonio Pastor PSE-EEkoa ere pedagogia egitearen alde agertu da. "Orain arte Espainiako beste herrialdeetan baino etorkin tasa txikiagoa izan dugu, eta horrek elkartasun itxura sortu du. Pertsona horiek euren herria uztera behartu dituen egoera sortu dutenak dira errudunak".
Borja Semper PPkoa ere bat etorri da krisiaren arduradunak ez direla etorkinak esanez. "Jende asko etorri da hona bizimodu hobe baten bila, eta horregatik enplegua hobetu eta pedagogia asko egin behar dugu".