Kepa Elortza. Osakidetzaren aurka jo duen herritarra

«Legez dagokidana baino ez nuen eskatu: hizkuntz eskubideak aitortzea»

Hizkuntz eskubideak aitortzen ez zizkiotelako, sei hilabete egin ditu Kepa Elortzak koloneko proba bat egin gabe. 2005etik hogei aldiz egin du Osakidetzaren kontra halako urraketengatik.

BEHATOKIA.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Borrokalari jaio nintzen, eta borrokalari joango naiz». Kepa Elortza oñatiarraren (Gipuzkoa) hitzak dira. 1990etik darama borrokan Osakidetzak bere hizkuntz eskubideak aitor diezazkion. Azken aldia «bereziki» gogorra izan da harentzat. Ia gose greban jarri behar izan zuen, euskaraz zekien mediku batek arta zezan edo, behintzat, itzulpen zerbitzu bat eduki zezan. Juanjo Agirrezabalaga EAko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarrera eman du kasua, Rafael Bengoa Osasun sailburuak herritarren hizkuntz eskubideak aitortuak nola izango diren azal dezan.

Zure kasua legebiltzarrera iritsi da, baina borroka aspaldikoa da, ezta?

Bai, halaxe da. 1990eko hamarkadan jarri nuen lehen kexa Osakidetzaren aurka, nire hizkuntz eskubideak urratu egiten zituztelako, eta, gaur [atzo] jarritakoarekin, hogei daramatzat.

Zergatik izan da azken kexa hori?

Hilaren 1ean ebakuntza egin zidaten. Arrasateko Ospitalean emandako senda-agiria euskarazzegoen, baina ez idazpuruak eta.

Dena den, iazko ekainean hasi zen zure benetako gurutzebidea.

Bai, halaxe da. Kaka egiterakoan odola botatzen hasi nintzen. Larritu, eta familiako medikuarengana joan nintzen. Hark premiazko kontsulta orri bat eman zidan, Arrasateko Ospitalean kolonoskopia bat egiteko. Hara iritsi, eta Hego Amerikako mediku bat egokitu zitzaidan. Ez zekien euskaraz. Nik euskaraz egiten nion, eta hark, erdaraz. Azkenean, esan nion nik itzultzaile bat nahi nuela, banekiela horretarako eskubidea nuela. Erizain bat etorri zen, euskaraz zekiena. Hark esan zidan bazegoela, eta saiatuko zela ekartzen. Bien bitartean, itxaron gelan egon nintzen zain. Ordubete igaro eta ez zutenez itzultzailea jartzen, kontsulta orria jaso, kexa jarri eta etxera itzuli nintzen.

Azkenean, sei hilabete igaro ziren proba egin zenuen arte.

Bai. Medikuak hiru aldiz eman zidan premiazko kontsulta agiria, baina beti berdina gertatzen zen.Euskaraz kasu egiteko ematen zidaten aukera bakarra Txagorritxuko erietxera joatea zen, Gasteizera. Baina ni ez nengoen hori onartzeko prest, xantaia egiten ari zirela iruditzen zitzaidan.

Gose greba egitekotan ere egon zinen, ezta?

Bai, dena prest nuen. Erietxean egitekoa nintzen, eta sindikatuek bazuten nire asmoen berri. Greba hasi baino egun bat lehenago jarri zidaten itzultzailea.

Horrekin dena konponduta zegoela pentsatu zenuen?

Bai, baina ez zen horrela izan. Itzulpen zerbitzua penagarria izan zen. Kontsultara iritsi, eta sakelako telefono bat zegoen mahai gainean belarriko bi entzungailurekin: bata niretzat eta bestea medikuarentzat. Telefonoaren beste aldean zegoen pertsona batek egin zuen itzulpena, baina oso trakets, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. Komunikazioa oso txarra zen. Gerora beste salaketa bat jarri nuen horregatik, baina, azkenean, proba egitea erabaki nuen. Zorionez, ez nuen ezer txarrik.

Zer esango zenieke beren hizkuntz eskubideak urratuak dituzten pertsonei?

Kexa daitezela. Ni tematia edo burugogorra izango naiz askorentzat, baina legez ditudan eskubide batzuk baino ez ditut eskatu. Guk ez badugu gure eskubideen aitortza eskatzen, ez du inork egingo. Badira, gainera, horretan laguntzen diguten erakundeak. Ni, adibidez, abenduan oso kezkatuta eta gaizki nengoen. Ez nekielako zer nuen, eta jarritako kexeninguruan barrez ari zirela sentitzen nuen. Azkenean, Behatokirajo nuen, eta haiekin batera lorpen txikiak izan ditugu. Jaso ditudan azken bi txostenak, adibidez, oso-osorik euskaraz daude. Ni borrokalari jaio nintzen, eta borrokalari joango naiz.

Datorren lan eskaintza publikoan Osakidetzak euskararen garrantzia gutxituko duela kontuan hartuta, nola ikusten duzu etorkizuna?

Aurreko gobernuak ezer gutxi egin bazuen normalizazioren alde, oraingoak egindako guztia ezabatu du. Negargarria da goi kargudunek euskaraz ez jakitea, lehendakariak berak ez jakitea. Euskaraz ez badakite, zer sentsibilitate izango dute harekiko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.