Sorturen legeztatze prozesua

«Legez kanporatzearen apustua galtzaile izaten ari da»

Espainiako Gobernua «norabidea galduta» dagoela ondorioztatu du ezker abertzaleak, Gorenaren epaiaren autoa irakurritaRubalcaba pozarren, «epaiak arrazoi eman dielako Barne Ministerioaren txostenei»

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Herrian sortu den egoera berriaren aurrean, Espainiako Estatua «norabidea galduta» dagoela ondorioztatu du ezker abertzaleak Espainiako Auzitegi Gorenak kaleratutako autotik. Bere ustez, Estatuak hartu dituen azken erabakiak erakusten dute «izugarrizko beldurra» diola eztabaida politikoari eta Euskal Herrian sortu den agertoki berriari.«Ondorioz, arduragabe ari da, geldiezina den konponbideen prozesuaren aurrean denbora irabazi nahian», adierazi du.

Ezker abertzalearen iritziz, Gorenaren epaiak «indartu egiten du euskal gehiengo politiko, sindikal eta sozialak legalizazioaren alde agertzen duen jarrera, eta legitimitatea kentzen dio, erabat, ezezko frontean kokaturik dauden PSOE eta PPri».

Areago, «ilegalizazioaren apustua» galtzaile suertatzen ari da, bere esanetan, bai eremu politikoan, bai juridikoan. Horixe erakusten du Goreneko 61eko aretoa «erdibiturik» agertu izanak: hamasei epailetik zazpik legeztatzearen alde egin izanak, eta horiek boto partikular bakarrean elkartu izanak. «Aurrekaririk ez duen zatiketa judizial honek sostengaezina egiten du milaka herritarren eskubideak urratzeko erabakia», ebatzi du ezker abertzaleak.

«Oinarri politikoa» du epaiak, bere aburuz; «azterketa juridikoak bazter batean utzi eta interpretazio politiko subjektiboetan oinarritzen da». Gainera, epaiaren bidez, ezker abertzalearen eztabaida sakona eta egoera politikoa erabat aldatzea ekarri duten erabaki estrategikoak «ukatu eta ezkutatu» direla salatu du.

Erabakia baldintzatzeko, iritzi korronteak sustatzeko eta auzitegia presionatzeko saioak egon direla ere txarretsi du. Hain zuzen, horixe zuten helburu, ezker abertzalearen ustez, hedabideetan plazaratu diren filtrazioek.

Rubalcaba, pozarren

Botere Judizialeko Batzorde Nagusiak, CGPJk, filtrazioak aipatu gabe hitz egin du epaiari buruz. Eta «lasai» egoteko esan die Gabriela Bravo bozeramaileak herritarrei: «Jakin behar dute elkarbizitza baketsuaren alde egiten ez dutenak eta Zuzenbide Estatuko instituzioak errespetatzen ez dituztenak gure gizarte demokratikoan sekula egon ez daitezen baliabide nahikoa dugula». Hala ere, «Estatuaren joko araura sartzen direnek gurekin egon ahalko dute», gaineratu du.

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidenteorde eta Barne ministroa pozarren agertu da Sorturen aurkako ebazpenarekin, «Estatuko abokatuaren eta Fiskaltzaren eskaera gehienei arrazoi eman dielako, eta beraz, Barne Ministerioak Estatuko Segurtasun Indarren txostenetan oinarrituta egindako eskaerei eman dielako arrazoi». Auzitegi Konstituzionalaren epaia falta dela eta Espainiako Gobernuak erabaki hori ere erabat errespetatuko duela esan du. EAJri, berriz, Sorturi buruzko «iritzi desberdinak» saihesteko eskatu dio, «terrorismoaren aurkako borrokan batasuna zaildu dezaketelako».

EAJtik Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok esan zuen epaiaren gaineko «irakurketa oso larria» egiten duela, zazpi epaileren boto partikularra aintzat hartuta. Olanoren ustez, epaia «guztiz politikoa da», eta erabaki hori Rubalcabaren hitzen ondorioa dela deritzo. «Honek guztiak erakusten du Estatu espainiarreko demokraziak une larriak bizi dituela», erantsi zuen Olanok, eta PPk eta PSOEk Euskal Herrian aldundiak eta udaletxeak hartzeko duten estrategiaren baitan kokatu zuen epaia.

Cayo Lara IUko buruaren ustez, berriz, zazpi epaileen boto partikularrak erakusten du Sortuk legea betetzen duela. Gainera, legeztatzeak «ETA betiko amaitzen eta hori askoz lehenago lortzen» lagunduko lukeela dio.

«Epaileen zatiketak eta boto partikularreko argudioek erakusten dute epaia ez dela argudio juridiko hutsetara lotzen eta presio politiko argia dagoela atzean», azaldu du ERCren idazkari nagusi Joan Ridaok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.