Eutanasia arautzeko legea. Osasun profesionalak

Legeztatuta, baina hankamotz

Osasun profesionalen hainbat elkartek salatu dute ez dutela jaso protokolorik oraino eutanasia eskeei begira. Esan dute medikuei so ardaztu dela legea, gainerako profesionalak ez direla aintzat hartu.

Osasun profesional bat ohean dagoen paziente bati eskua ematen, artxiboko irudi batean. BRAIS LORENZO / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ekainaren 26an du jarrita begirada Angela Fuentes lehen mailako arretako mediku eta Osatzen familia medikuen elkarteko kideak, legea indarrean sartu eta biharamunean, alegia. Bekaina igota begiratzen dio egun horri, lehen eutanasia eskaerak hel baitaitezke egun horretan. Egoerak «ezinegona» sorrarazten diola onartu du, legea indarrean sartzeko egun gutxiren faltan jarraitu beharreko protokolorik ez dutelako esku artean.

«Gaur, oraindik, ez dakigu lehen mailako arretan nola jarriko den martxan prozesu hau, alderik praktikoena nola egingo den. Informazio asko falta da, eta, batez ere, trebakuntza izango dugu faltan». Fuentesek bezala, beste zenbait elkartek eta sindikatuk ere kezka hori bera azaldu dute: SATSE Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erizainen sindikatua izan da horietako bat. «Legeak pazienteen egoera hobetuko du, zalantzarik gabe», azaldu du Garbirel Perez bozeramaileak. Hori bai, uste du hobekuntza hori prozesua bideratuko dutenen arabera ere moldatu behar dela, eta «protokolo zehatzak» eskatu ditu horretarako, erizainek, adibidez, arazorik ez izateko legearekin: «Segurtasun juridikopean lan egin ahal izateko».

Legea indarrean sartzeko astebete eskas falta den honetan, kezka bat da nagusi osasun langileen artean: lehen eskaera jaso orduko zein protokolo zehatz aplikatu beharko duten jakitea. «Lehenengo kasuetan, ziurrenik, geure kabuz egin beharko dugu informazio bilaketa», onartu dute. Eta kezka dute arlorako trebakuntza faltarekin ere. Legeak propio aipatzen du sustatu egin behar dela osasun langileen prestaketa, baina askok justu asteon jaso dute lehen trebakuntza bat jasotzeko era, gaira lehen hurbilketa bat egitekoa. Perezek argi du prozesuak baduela behar besteko babes juridikoa; hor ez du dudarik, baina testuan gabeziak ikusi ditu, eta aitortu du horrek «urduritasuna» sortu diola.

Osasungileen elkarte eta elkargoek badakite Osakidetza eta Osasunbidea buru-belarri ari direla legeak zehazten dituenak betetzeko ahaleginetan, baina uste dute oinarrizkoa dela jakin beharreko guztiak argi izatea prozedurak martxan jarri aurretik. Trebakuntza saioetan eta protokoloetan izaten ari diren atzerapenak legea onartzeko egon den «presarekin» lotu dituzte zenbaitek. Zehatz mintzatu da, adibidez, Oihane Vieira Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialeko deontologia batzordeko burua: «Legea kosta ahala kosta onartu nahi zuten. Nire ustez, denbora tarte laburregia utzi dute legea onartu zutenetik indarrean sartu arte. Denbora gehiago utzi beharko lukete, behar den trebakuntza eta informazioa emateko, bakoitzak bere rola zein den ulertzeko». Onartu du legea aurrerapauso bat dela, baina testuak ez du asetu, eta «gabeziak» ugariak direla uste du.

Medikuei begira

Erizainen kexak haragokoak ere badira:«Erizainak ez gaituzte kontuan hartu», salatu du Vieirak. Haren esanetan, legean medikuen zeregina une oro aipatzen eta azpimarratzen da, eta ez, ordea, erizainena. «Eta guk uste dugu prozesu osoan egon behar duela erizainak: pazienteak erabakia hartu eta eutanasia aukera gisa mahaigaineratzen duenetik, prozesu osoa pasatu eta azken momenturaino». Erizainen lana «pazienteen zaintza integrala, arlo guztietakoa» denez, legearen sorreran ere egon beharko luketela aldarrikatu du.

Eta ez da bakarra. Fuentesek ere gauza bera salatu du. Hura medikua bada ere, soilik ikuspegi medikoa kontuan hartzearen aurka azaldu da: «Ez dugu prozesu hau erabat medikalizatzeko akatsa egin behar, beste hainbat arlo ere barnebiltzen dituelako». Areago, Vieirak zera dio: «Zenbat eta ikuspuntu eta arlo profesional gehiago kontuan hartu, orduan eta aberatsagoa izango da legea. Pazienteak erabakia hartzen duen arte gauza asko pasatu daitezke, eta hor profesional askoren esku hartzea dago: gizarte langileak, psikologoak, psikiatrak... Jende horrek guztiak pazientearen ebaluazioa egin dezake, eta ikuspuntu askotarikoak eskaini». Horregatik, prozesua guztiz ikuspuntu juridiko edo medikotik urruntzearen alde dira biak.

Hari horretatik tiraka aipatu dute, biek ala biek, prozesu osoan pazientearekin harreman estua izatearen garrantzia. Eta uste dute legeak kontuan izan beharko lukeela hori, pazientearekin harreman luzea duten profesionalak horretara bideratuz, familia eta komunitateko medikuntza indartuz. «Eutanasia legezko eskaera formal bat baino gehiago da; maila pertsonalean ere landu behar da», azaldu du Fuentesek. Izan ere, paziente batek eutanasia eskaera egiten duenean, pazientearekiko ezagutza eta ulermena behar direla uste du prozesu hori martxan jartzeko, bere hautuaren zergatia jakin eta bere egoera ulertu ahal izateko. «Eta gaur egun lehen mailako arretan dagoen lan egiteko erarekin, oso zail ikusten dut hori».

Pazientearen sare osora

Halaber, pazientearen gizarte sareak kontuan hartzera jo behar du prozesuak, Fuentesen eta Vieiraren ustez. Fuentesek azpimarratu du pazientearen gizarte sareek garrantzi handia dutela prozesuan: «Oso garrantzitsua izango da paziente batek bere aurretiazko borondateen agiria betetzen duenean, adibidez, eta eutanasia egin nahi badu, horren lanketa egitea bere familiako kideekin eta bere ordezkariekin, era libre batean, horrek eragingo baitu eutanasia egiteko unea ez izatea hain traumatikoa bere senideentzat ere».

Horregatik, esan dute senideengana begira zuzenduriko baliabideak ere beharrezkoak direla. Laguntza psikologikoa eskaintzea, esate baterako, ezinbestekoa dela uste du Fuentesek, eta adierazi du beste herrialde batzuetan halako zerbitzuak «erregulartasunez» eskaintzen dituztela. «Lehen mailako arretaren sarean eta ospitaleetan egon badaude beste baliabide batzuk; laguntza psikologikoa, esaterako, eta hori indartu eta bultzatu beharko lukete», erantsi du Vieirak.

Gabeziak eta akatsak alde batera utzita, Fuentes eta Vieira bat datoz: legearen onespena aurrerapauso bat izango da. Baina zer hobetua bada, eta horren berri ematea ezinbestekoa dela uste dute. «Legea onartzea positiboa dela uste dugu, legea behar zelako. Baina, beharbada, ikuspuntu asko falta zaizkio prozesuak mundu osoa kontuan har dezan, denek ikus dezaten legeak erantzun bat ematen diela beren zalantzei», azaldu du Vieirak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.