Legorretako Udalak Igor eta Aitor Esnaolari inkomunikazioa kentzeko eskatu zuen atzo, udalbatzarrean onartutako mozioan. EAJko lau zinegotziek beste mozio bat aurkeztu zuten arren, ezker abertzaleko bost hautetsien mozioa atera zen aurrera, eta han, elkartasuna adierazi diete atxilotuei eta euren familiari. Espainiako Estatuaren jarrera salatu du Legorretako Udalak, konponbide demokratikoaren aldeko konpromisoa «kriminalizatu» nahi duela iritzita. Euskal Herriarentzat «eskubide eta askatasunak» falta direla salatu du.
Udalbatzarra amaitutakoan, manifestazioa egin zuten atzo ere Legorretan, 150 bat lagunek.
Errugabetasun presuntzioa
Herri kirolen munduan, lantegian zein kalean Esnaola anaiekin harremana izan duten hainbat lagunek bi anaien errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu zuten atzo, Donostian emandako prentsaurreko bateaan. «Balizko erruak» frogatu gabe daudela ohartarazi dute, eta horregatik bi anaiak ezin daitezkeela erruduntzat jo nabarmendu dute.
«Tratu fisiko zein psikiko ona emateko, konfiantzako abokatuen laguntza izateko eta ez inkomunikatzeko» eskatu dute bi anaientzat, eskubide horiek Nazioarteko Giza Eskubideen agirian jasota daudela gogoraraziz. Bi atxilotuen senideei babesa ere eman zieten prentsaurrekoan agertutakoek. «Elkartasun eta gertutasun zintzoena» adierazi zieten.