Legorretako Udalak Esnaola anaiei inkomunikazioa kentzeko eskatu du

Atxilotuei tratu ona emateko eskatu dute herri kirolen munduko jendeak, haien lankideek eta lagunek

Herri kirolen munduko jendeak, Esnaola anaien lankideek eta lagunek atzo emandako prentsaurrekoa. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Legorretako Udalak Igor eta Aitor Esnaolari inkomunikazioa kentzeko eskatu zuen atzo, udalbatzarrean onartutako mozioan. EAJko lau zinegotziek beste mozio bat aurkeztu zuten arren, ezker abertzaleko bost hautetsien mozioa atera zen aurrera, eta han, elkartasuna adierazi diete atxilotuei eta euren familiari. Espainiako Estatuaren jarrera salatu du Legorretako Udalak, konponbide demokratikoaren aldeko konpromisoa «kriminalizatu» nahi duela iritzita. Euskal Herriarentzat «eskubide eta askatasunak» falta direla salatu du.

Udalbatzarra amaitutakoan, manifestazioa egin zuten atzo ere Legorretan, 150 bat lagunek.

Errugabetasun presuntzioa

Herri kirolen munduan, lantegian zein kalean Esnaola anaiekin harreman izan duten hainbat lagunek bi anaien errugabetasun presuntzioa errespetatzeko eskatu zuten atzo, Donostian emandako prentsaurrekoan. «Balizko erruak» frogatzeke daudela ohartarazi dute, eta horregatik, bi anaiak ezin daitezkeela errudun jo nabarmendu dute.

«Tratu fisiko zein psikiko ona, konfiantzako abokatuen laguntza eta inkomunikaziorik eza» eskatu dituzte bi anaientzat, eskubide horiek Nazioarteko Giza Eskubideen agirian jasota daudela gogora ekarriz. Bi atxilotuen senitartekoei babesa ere eman zieten prentsaurrekoan agertutakoek. «Elkartasun eta gertutasun zintzoena» adierazi zieten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.